Gernika-Lumoko Sarek
Oroimenen Erradiografia 1937-2017 liburua aurkeztu du eguerdian. Udalerriko eta inguruko herrietako
preso eta iheslarien erradiografia osatu dute. Izan zirenak eta direnak. “Bide bat ehundu dugu. 80 urtetan Gernika eta inguruko euskal preso eta iheslarien izen-abizenek oroimena dute gaur, eta egungo gernikar eta ingurukoek, beraien historia den aletxo hau ere ezagutu ahal izango dute”.
Azaldu dutenez,
erradiografia osatzen jarraituko dute, eta horretarako herritarrei azterketa lan horretan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. Etxean galdetuz, liburuetatik datuak eskuratuz, sare birtualean nabigatuz edota adinekoei galdetuz, denen artean ahalik eta erradiografiarik osatuena lortzeko.
www.saregernika.eus atarian jarri dute dosierra, eta informazio gehiago eskuratu ahala, berrituko dute.
Astrako bunkerrean hasi dute liburuaren aurkezpena.
Gaur aurkeztu duten liburua memoria lantzen duten talde eta norbanakoentzat zein sarekide eta gernikar eta inguruko herritar guztientzat “tresna bat” izatea gura dute.
Ezagutzeko, partekatzeko eta zabaltzeko tresna izatea espero dute, “baina batez ere,
hausnarketa eta transmisiorako erreminta izateko tresna”.
1937ko apirilean hasi, eta 2017ko apirilean argia ikusi duen
amaitu gabeko oroimen erradiografia amaitzeko beharra aldarrikatu dute, oraindik egiteko asko daudela gogora ekarriz: “Batetik,
Oroimen Erradiografia hau hobetzeko, datuak gehituz, informazioa bilduz, eta sarea ehunduz. Eta bestetik, erradiografia honetan agertzen diren Ibon, Eneko, Oier, Kepa eta Jabi lehenbailehen etxean egon daitezen bultzatuz, oroimen herritarrean gera dadin beraien erradiografia”.
Bunkerretik giza katean abiatu dira Pasealekura.
Astrako bunkerretik, Pasealekura
Eguerdian Astrako bunkerrean hasi dute liburuaren aurkezpena, eta ondoren,
giza katean joan dira Pasealekura. Bunker barruan, Lauaxetaren olerkian oinarritutako Ken Zazpiren
Mendigoxaliarena kanta entzunez, 36ko gerratik gaur egunera eskubideen urraketa sistematikoa jasan dutenak gogora ekarri dituzte.
“Oroimena oroimin bihurtua. 80 urtetan zenbat izen, aurpegi, bizitza, familia eta lagunek ezagutu dute eskubideen urraketa sistematikoa? Zenbatek etxea eta etxekoak atzean utzi behar izan dituzte? Zenbat eraman dituzte etxetik urrun? Zenbat emakumek, emakume izateagatik, pairatu dute eskubideen urraketa hau? Galdera gehiegi erantzun herritarrik gabe. Dena hastera goaz. Amaitu gabekoa, amaitzeko. Guztion artean”.
Bestalde, Pasealekuko ekitaldia ere musikaz eta bertsoz girotu dute. Moises Enbeitak haren aita Balendin Enbeitaren bertso bat bota du, eta jarraian, Arranoko Koruko kideek
Txikia abestia kantatu dute.