SOM-HI elkarte berria sortu berri dute Bermeon. Alde batetik,
Herrialde Katalanen kultura eta hizkuntza erakustea dute helburu; eta, bestetik,
bizi duten egoera politikoaren berri eman gura dute. Elkartea ezagutzera emateko
aste kulturala antolatu dute Pazko Asterako: hitzaldiak, herri bazkaria, erakusketa… antolatu dituzte.
Elkarte berria osatzen duten zenbait lagun. Argazkia: SOM-HI
Bermeon bizi diren katalanek eratu dute elkartea, hala ere, katalanak jaiotzez ez izan arren, Herrialde Katalanen zale diren zenbait herritar ere badaude elkartean. Hamar lagun inguru biltzen ditu elkarteak.
Bermeo, Busturialdea eta ahal duten heinean, Euskal Herri osora iritsi gura dute. Diotenez, Euskal Herrira iristen den informazioa, zenbaitetan, «manipulatuta» dator. Hala, Katalunian bizitzen ari diren egoera politikoaren «benetako ikuspuntua eta informazioa» eman nahi dutela azaldu dute, «bertokoek benetako informazioa eduki dezaten».
Herrialde Katalanak, hala ere, Katalunia baino gehiago direla zehaztu dute; izan ere, katalanez mintzo diren herrialdeak dira Herrialde Katalanak: Katalunia, Balearrak, Rossello, Valentzia… Elkarteak, hortaz, horien guztien berri eman gura du.
Izena, hitz jokoa
SOM-HI hitzak
eutsi esan nahi duela dio elkarteko kide Dabid Avilak. Hala ere, elkarteari jarri dioten izena hitz jolas bat dela dio: «SOM, gara da euskaraz eta HI hikatik jarri diogu,
zu esateko modua da, era hurbilago batean. Bestalde, fonetikoki SOMNI izango litzateke, eta berba horrek ametsa esan gura du euskaraz».
Oso denbora gutxi daramate lanean, «bi hilabete inguru», dio Avilak. Hala ere, joan den urteko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, taldeko batzuek Visca la Terra Eguna antolatu zuten Txosna Batzordeagaz eta Askapenagaz batera. Diadaren bezpera egunean antolatu zuten, eta Herrialde Katalanetako gastronomia eta kulturaz gozatzeko aukera eskaini. Beste hainbat gauzaren artean, Cabrilesko (Herrialde Katalanak) Peluts de Foc taldearen correfoc ekitaldiagaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek Lameran. Jende askok parte hartu zuen.
Interes politiko handia
«Bermeon, batez ere, abertzaleek, asko galdetzen digute han bizitzen ari garen prozesuari buruz», dio Avilak. Alde politikoarekiko interes handia dagoela nabaritu dute.
Kulturarekiko interesa txikiagoa bada ere, «interesa badago». «Bertoko jende askok bidaiatzen du oporretan Herrialde Katalanetara, eta horrek zerbait esan gura du».
Orain, apiririlean, katalanek Sant Jordi ospatzen dute; apirilaren 23an, hain zuzen ere. Egun horregaz lotuta, SOM-HI elkarteak aste kulturala antolatu du, eta
apirilaren 17tik 23ra bitartean ekintza kulturalak eta politikoak antolatu dituzte.
Aste kulturala hormairudi bat egiten hasiko dute, «astelehenerako, apirilaren 17rako, jai eguna denez, ez dugu ezer handirik prestatu gura izan». Egun horretan, hala ere, Ovidi Montllor izango dute gogoan. 1942an Alcoin jaio zen kantautore eta aktore valentziarra izan zen.
Nova Canco izeneko katalanezko musika mugimenduaren partaidea izan zen. Politikoki, PSUC alderdiaren militantea izan zen. Eguaztenean ere, Montllorri buruz ariko dira hitzaldi batean, eta haren zenbait abesti gogoraraziko dituzte.
Zapatuan, jai eguna izango dute. Kooperatibismoaz hitz egiten hasiko dute eguna, eta, ondoren, herri bazkarian batuko dira. Herri bazkarian parte hartu gura duten horiek Bolatokin edota Ados tabernetan eman beharko dute izena. Eguna musikagaz amaituko dute.
Bestalde, erakusketa bat ere jarriko dute Kabidxen. Aste osoan izango dute ikusgai, 17:00etatik 22:00etara. Erakusketa horretan katalanez idatzitako liburu famatuenak erakutsiko dituzte; hamabi liburu inguru aukeratu dituztela dio Avilak, Erdi Arotik gaur egun artekoak.
Elkartea eratuta, hilean behin ekitaldiren bat antolatzea nahiko luketela azaldu du Avilak; hitzaldiak, kontzertuak, bideoak… Era berean, Herrialde Katalenatako prozesuari buruzko informazioa zabaltzen jarraituko dutela dio, bai eta hango ekitaldi kulturalei buruzkoa ere.
Egitaraua, egunez egun
Astelehena, apirilak 17.
– Ovidi Montllorrekin lotutako hormairudia egingo dute egunean zehar, Bermeoko Alde Zaharrean.
Martitzena, apirilak 18.
– 19:00etan, Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean, Herrialde Katalenatako egoera soziolinguistikari buruzko hitzaldia edo bideoa.
Eguaztena, apirilak 19.
– 19:00etan, Kabidxen, Ovidi Montllorri buruzko hitzaldia eta abestiak, Aldarricatuz Bilboko katalaniar taldearen eskutik.
Eguena, apirilak 20.
– 19:00etan, Kabidxen, Herrialde Katalanen errepresioari buruzko bideoa.
Barikua, apirilak 21.
– 20:00etan, Kabidxen, literatura Galeusca landuko dute Edorta Jimenez idazleagaz; Galizia, Euskal Herriko eta Kataluniako literatura, hain zuzen ere.
Zapatua, apirilak 22.
– 12:00etan, kooperatibismo eredu berriari buruzko hitzaldia. Hizlaria: Cooperativa Integral Catalana.
– 15:00etan, Herri bazkaria Kabidxen. Ondoren, tertulia.
– 21:00etan, Xabi Strubellen kontzertua (Hondarribian bizi den katalan baten semea).
Domeka, apirilak 23, Sant Jordi eguna.
– 19:00etan. Kabidxen, feminismoaz ariko dira hitzaldi batean.
Aste osoan.
– liburuen erakusketa, 17:00etatik 22:00etara.