Gernikako bonbardaketak eta 36ko estatu kolpe faxistak gaur egun zer nolako ondorioak dituen azaleratuko dute apirilaren 24an, Gernikan.
Gernika: historia bizia eta oroimena mahainguruan parte hartuko du Maria Gonzalez Gorosarrik (Durango, 1978). Kazetaritzan eta zuzenbidean lizentziatua, komunikazioan doktore europarra ere bada. Komunikazioaren ikuspegia jarriko dio eztabaidari.
80 urte joan dira Gernika bonbardatu zutenetik, eta oraindik ondorioak ditu gizartearengan.
Orain 80 urte, estatu kolpe faxistarekin batera, Espainiako estatuak egi ofiziala sortu zuen gezur handi baten inguruan, eta oraindik ondorioak dituen gaur egun Gernikan, jendarte zibilean batez ere. 36ko estatu kolpe faxistari bere osotasunean begiratu behar diogu, eta zibilen kontrako bonbardaketaren kasuan, gezur handi bat egia ofiziala bihurtu zuten. Hau da, estatuaren egia eta herriaren egia ez zetozen bat, ez 36an, ez 37an, ezta trantsizio osoan ere. Hau da, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak bost lagile hil eta 200 zauritu zituenean ere egia ofiziala eta herriaren egia ez zetozen bat. Baina transtizio osoan gertatu da: 23F-an, GALen jardunean, Pasaiako enboskadan… Beraz, argi dago 36ko estatu kolpe faxista horrekin hasitako egia ofizial horren bertsioa ez dela argudiatu benetako trantsizioa heldu arte, eta nik trantsizioa 1986an kokatuko nuke.
Zergatik urte horretan?
1973an Carrero Blancoren aurkako atentatuak erregimena behartu egin zuen beste modu bateko trantsizioa bultzatzera. Carrero Blancoren ordezkoa, Torcuato Fernandez-Miranda, izan zen trantsizioaren bide orria prestatu zuena. Ordutik aurrera, estatuaren errepresioa inoiz baino basatiagoa izan zen: 1974an Salvador Puig Antich hil zuten, 1975ean Txiki eta Otaegi eta GRAPOko hiru kide… Ostera ere, badira gertaera garrantsitzuak, 1981eko estatu kolpea, kasurako. Beraz, nik 1986an kokatzen dut trantsizioa, orduan sartu baitzen Espainia Europar Batasunean, orduan sartu zuen PSOEk Espainia NATOn eta orduan erreibindikatu zuen GALek bere azken atentatua. Beraz, 1936tik 1986ra arte estatuaren eginbehar nagusia izango da naziotasuna definitzea, zer nolako estatua izango den Espainia. Horretarako, egia ofiziala eta herriaren egia bat ez datozen estrategiak erabili izan dituzte espainiartasuna inposatzeko; eta hori da orain ere Espainiaren ezaugarri nagusia.
Gernikaren egiak liburua aurkeztu dute aston.?Bertan aipatzen da Gernikako bonbardaketa izan zela gaur egungo estatu ereduaren ekintza fundazionala.
Bai, hala da. Gainera, gogora dotorkit Primo Levi idazle italiarraren aipu bat, zeinak dioen gerra guztiek helburu bat dutela, eta helburu horiek lortu egiten direla. Eta Espainiako 36ko Gerraren helburuetako bat eukalduntasunarekin amaitzea zen. Ezabatu ez da ezabatu, baina Espainiako estatuan naziotasuna oso zentralista da, eta euskaltasunaren aurkakoa. Hori da jendartean nagusi den korrontea, eta hori ez da ausaz eman den zerbait.
Hori hainbat urtez mantentzeko klabeak zeintzuk izan dira?
Batetik, errepresio basatiaren ondorioz herria izututa zegoela. Baina, hori aipatzean, kontra egiten dute esanez Franco 1975an hil zela. Hala ere, esan bezala, 1986ra arte trantsizioa ez zen amaitu, eta, bitartean, bi estatu kolpe eman ziren. 23F izan zen bat, baina benetan arriskutsua 82koa izan zen, PSOEk geldiarazi zuena. Beraz, kontuan izan behar da trantsizioa 86an amaitu zela, eta helburua ahanztura ziurtatzea izan zela. 40 urtean, modu basatian, erreprimitutako herri baten ondorengoak izan ginen eta gara. Durangoko bonbardaketaren urteurrena bete da martxoaren 31n, eta Durangon bi ekitaldi daude. Goizean udalak egiten du ekitaldi ofiziala, eta, horretan, faxistak eta antifaxistak batera omentzen ditu. Hori ez da ahanztura, baizik eta gerrak zuen helburua onartu izana eta gaur egun hori bere horretan onartzea ausazko zerbait izango balitz bezala. Arratsaldeko ekitaldian, aldiz, herritarrek antifaxistak bakarrik omentzen dituzte, oroimenaren borrokan parte hartzen hasi ginenetik, 1937an borrokatu zituzten ideiak gure egin ditugulako. Ez dugu parez pareko ahanztura horretan erori nahi, errepresioaren helburua geure egitea izango litzatekeelako.
Beraz, erreparazioa ere zailagoa izango da horrela.
Erreparaziorik ez da eman. Egia ofiziala oraindik ez dator bat herriaren egiarekin, eta egiarik ez badago justiziarik ere ez dago; justiziarik ez badago erreparaziorik ez dago eta gaur egungo ikuspegitik, gertatutakoa berriro ez gertatzeko bermerik ere ez dago. Gainera, biderik ez da ematen. Zapateroren Oroimen historikoaren legea, azken batean, bigarren puntu finala izan zen. Modu faltsuan itxi nahi duten zauria da, eta horretarako helburuak aurreko urteetako berdinak dira; alegia, Euskal Herriaren eskubide historikoak eta kulturalak bertan behera uztea.
Egia ofiziala indarrean dago oraindik, eta horretarako komunikabideak ere baliatu dituzte. Ze paper jokatu dute?
Sasoiko egunkariak aztertuta, Eguna adibidez, oso argi dago zein zen bilbotarren sentimendua: zein egoeratan bizi ziren hainbat egunez bonbardatuta, heritarrentzako babesleku nahikorik ez zegoela… Kontestu horretan, 1937ko urtarrilaren 4ko sarekadak gertatu ziren, zeinetan herritarrek espetxean zeuden hainbat faxista hil zituzten. Hori izan da aurten Urkullu lehendakariak sarraskitzat hatu duen gertakarietako bat. Beraz, gaur egungo ikuspegia ez da estatu kolpe faxista bat pairatu zutenena, Egunak erakusten zuena; eta gure agintariek, gaur egun, behartu egiten gaituzte gure iragana beste modu batera irakurtzera. Gainera, gaur egungo komunikabideak ez dira Urkulluren adierazpen horiekiko kritiko agertu, eta horrek erakusten du oraindik kazetaritzak hutsune handia duela.
36ko Gerran sortutako egia ofiziala indarrean dago, beraz. Jendartea kontziente al da?
Normaltasuna da hori, eta, batez ere gazteentzat. Euskaldun izateagatik eraso egiten gaituen estatu batean jaio izan gara, zeinak monarkia duen oinarri. Baina Madrilen jaiotako gazteek ere egoera berdina pairatzen dute. Nazio sentimendua ideia zentralista eta post-faxista horretan oinarritzen dute, eta monarkiaren ideian ere. Ikustea besterik ez dago nola Espainian monarkiak ez duen kontrako iritzi antolaturik, ez dago monarkia desagerraraztea helburu duen alderdi politikorik. Podemos ere, estatuaren alderdi bihurtu ahala, aldarrikapen hori baztertu egin du.
Gaur egungo egoeran, beraz, garrantsitua al da oroimena lantzea?
Bai, auzi politiko bat da. Oroimena lantzen gabiltzanean herriari heltzen diogu, eta, beraz, estatuaren egia ofizialari aurre egiten diogu.
Oroimena lantzean, baina, emakumeen ikuspegia isilarazita egon da.
Bai, erabat ados. Baina faxismoak ez zuen emakumeen historia isildu. Hori egin dute historialariek, eta oroimena landu duten gizonek, baita gudariek ere. Esan nahi dudana da, gu baztertu gaituena ez dela estaua izan; baizik eta, gure kideek ahaztu nahi izan gaituztela, ez gaituztela kidetzat hartzen. 1975ean Tomasa Cuevas borrokalari komunistak bere kide izandako hainbat emakumeri testigantza hartu zien eta hiru tomo kaleratu zituen modu klandestinoan. Horiek hor daude, baina historialari batek ere ez die erreparatu.
Eta gaur egun ezer aldatu da?
Oroimen inklusiboa lantzen ari garenak andrazkoak gara, ez daukagulako etsai bakarra, faxismoa izan daitekeena. Gu kidetzat hartzen ez gaituztenak ere baditugu etsai.