Gaur Bilbon, eta bihar Gernika-Lumon aurkeztuko dute
Gernikaren egiak.
Oroimen biziko herria liburuxka. Gite-Ipesek kaleratu du, eta 1987an Gernikan historialariak bildu zituen mahaingurua du oinarri. Bertan, Karmelo Landa eta Jokin Apalategiren hausnarketak ere bildu dituzte. Biharko aurkezpenerako (Astran, 19:00etan) herri memorian dinamika iraunkorra duten eragileak gonbidatu dituzte: Karraderan (Larrabetzu); Gernika Batzordea eta Lobak. Liburuaren sustatzaile Ibon Meñikak (Gernika,1977) azaldu legez, espazio berriak sortzea dute helburu, non gaurkoak, atzokoaz eta biharkoaz ere hitz egiteko aukera emango duen.
Oroimen biziko herria da Gernika, baina egiarik ez du ezagutu oraindik gaur egun.
Zoritxarrez ez. 80 urte dira bonbardatu zutenetik eta, oraindik ere, bere egiak aldarrikatzearen beharra dauka. Oso esanguratsua bihurtzen da, oraindik orain, garai hartan eraikitako gezurraren gaineko egia ofiziala egina dagoelako. 80 urtean Gernikako herriari eta sinbolismoz Gernikak ordezkatzen duen Euskal Herri osoari ezarritako gezur baten erakusleiho da.
Liburuak hori azaltzen du, Gernikak oraindik egia asko dituela. Zer aurkituko du irakurleak liburu honetan?
Ba justu orain dela 30 urte, 1987an, bonbardaketaren 50. urteurrenean, Gernika ospakizun, aldarrikapen eta salaketa ugariren bilgune izan zen. Gogoeta esanguratsuak eta gaur egunera ekar ditzakegunak eman ziren 1987an. Besteak beste, bai 50 urte geroago, eta orain, 80 urte geroago, herriak eta herritarrek genekiena mundu mailan esanguratsuak eta erreferentzia handikoak ziren historialari batzuen ahotik entzun behar izan genuela. Ahots hori ekarri behar izan zuen Gernikak aurretik genekiena mundu osora zabaltzeko; alegia, Gernika faxistek bonbardatu zutela eta estatu espainiarraren berreraikuntzarako ekintza fundazionala bilakatu zela herri honen suntsiketa. Gite-Ipes-ek Gernikaren egia deitu zen mahainguruaren transkripzioa egin zuen, eta 40. urteurrena betetzen ari garen honetan, ikusi genuen hitzaldi horrek egunerokotasuna duela gaur egun ere. Beraz, balioa, aitortza eman gura diogu, bonbardaketa bizi izan zutenen ondorengo belaunaldiek ere ezagutu dezaten. Horregaz batera, gaurko eta biharko herri memoriaren inguruko gogoeta egiteko euskarria ere eskaini nahi dugu Gernikaren egiak liburuagaz.
Oroimena egitea, ikertzea, kosta egiten da oraindik herri honetan. Zergatik?
Hainbat gauza barnebiltzen dira. Zenbait urtetan Francoren diktadurapean egondako herri oso bat izan da ahots barik, iritzia eman ezinik eta autozentsura askorekin. Herri zapaldu bat denaren adibide dira horiek, eta pairatutako errealitate guztiak ezagutzera emateko ezintasunak ditu. Gernika Batozrdeak lekuko horri heldu zion eta oso esanguratsua da, orindik, 40 urte geroago, hasierako aldarrikapen berak egiten dituela. Gaur da eguna Gernika koadroa Gernikan ez dela, eta Gernika gorriek erre zutela dioen Espainiaren errelato ofizialak bere horretan darrai. Herri oso baten oroimena lapurtua eta bahitua izan da urte guzti hauetan. Gainera, instituzioek ez dituzte baliabideak jartzen herri aitortzarako eta egia ezberdinek lekua izan dezaten. Horren ondorioz, herri ekimenek bultzatu behar izan dituzte aldarrikapen horiek, eta Gernika Batzordeak horiek denak biltzen ditu. Oraindik lan handia daukagu; estatu oso bat gezur baten gainean berreraiki zuten, eta hori da gaur, ofizialki, indarrean dagoena.
2017an, liburu honek, klabe batzuk ere ematen ditu gazteek gaur egungo Euskal?Herria uler dezaten.Bai, eta duela 30 urte egin zuten mahainguruan azaldutako hausnarketa eta gogoetek erabateko gaurkotasuna dute. Horregatik eman gura izan diogu dagokion balioa, bi norabideetan. Batetik, egindakoa ezagutarazteko bokazio bat duelako Gite-Ipesek, eta, maila batean, orain 30 urteko errealitate hori belaunaldi berriek ezagutu eta lantzeko aukera izan dezaten. Bestetik, aukera ematen digu iraganaren memoriaz gogoeta egiteko, baina baita gaurko eta biharko memoriaz gogoeta egiteko ere. Gaur Gernikak oroimen biziko herria izaten jarraitzen du, baina ez soilik duela 80 urte gertautakoagatik bakarrik. Gaur egun egiten ditugun ekintza orok, ikuspegi batetik edo bestetik, gernikar egiten gaituzte eta Gernika egiten dute. Biharko ikuspegitik ere, memoria horren inguruko kontzientzia lan baterako hauspoa bihurtzen da. Horrek du garrantzia. Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da, baina memoria hori lantzeko gaur eta bihar zer egingo dugun jakitea are interesgariagoa da. Gaur egiten dugun guztia memoria da, eta gaur egiten dugunak egingo du biharko Gernika. Beraz, haursnarketa hori eginda, Gazte Akelarrean ere aurkeztuko dugu liburuxka.
Gernikaren bonbardaketak egin al du gaurko Euskal Herria?
Bai, eta Karmelo Landak asko inziditzen du horretan. Gernikak berak duen dimentsioa aipatzen du. Gernika koadroa gerra sinboloa bihurtu zen, baina askoz gehiago da. Gernikan gertatu zena ezagutzeak Euskal?Herriari buruz gogoeta egiteko aukera ematen du , eta hori ez dago hain landua.