Goizeko 09:00etan ireki dituzte botoa emateko mahaiak Busturialdeko herri gehienetan. Eskualdean, guztira, 37.000 lagunek izan dute gaur beren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea, eta, guztira, Busturialdeko hautesleen %32,07k eman du botoa. Gernika-Lumon parte hartzea %27,51koa izan da , eta Bermeon %26,27koa. Aipatzekoa da, baita, eskualdeko herri txikietako parte hartzea. Handiena Kanalan: hautesleen %78,95k eman du botoa gaur.
Herritarrei galdeketan parte hartzeko deia egin die Gure Esku dago-k, “ariketa demokratikoa” delako. Bermeon egin du Gure Esku Dago-k lehen agerraldia, 09:00etan. Ana Tere Bengoetxeak esan legez, “zilegitasun, legaltasun eta berme guztiekin antolatutako herri galdeketen bidez”, Busturialdean eta Arrigorriagan, guztira, 50.000 herritar inguruk gaur botoa emateko eskubidea izan dute.
Bide luzea baitugu aurretik, eta gaur bide horretan beste urrats sendo bat egitera goaz”
Hala, goizean goizetik, Bengoetxeak dei egin die herritarrei beren konpromisoa “geldi ezina” dela erakustera. Martxoaren 19an Oarsoaldean, Tolosaldean, Larrabetzun, Astigarragan eta Hernanin, 30.000 herritarrek euren botoa eman zutela gogorarazi du Bengoetxeak: “Euren botoarekin herri honek pauso bat gehiago eman zuen bere etorkizuna libreki erabakitzeko bidean”. Egun horretan, baina, ez zela ezer amaitu gaineratu du, “bide luzea baitugu aurretik, eta gaur bide horretan beste urrats sendo bat egitera goaz”. Izan ere, gaur olatua kostaldetik iritsi da Bizkaira.
“Bada sasoia”. Busturialdean, 17 herri eta hainbat auzotan egin dute gaur herri galdeketa. Gernika-Lumon, Merkurio iturriaren parean jarri duten mahaian eman du botoa Jesus Maria Agirremalloak. 86 urteko gernikarrak adierazi du gaurko ariketa “beharrezkoa” dela. “Bada sasoia nork bere iritzia emateko eta bere nahia adierazteko. Gure iritzia ematea gauza ederra da”, aipatu du.
Bada sasoia nork bere iritzia emateko eta bere nahia adierazteko”
Gernikako bonbardaketaren ostean Frantziara alde egin behar izan zuela aipatu du, eta handik bueltan herria oraindik suntistuta topatu zuela. “Venezuelara joan nintzen gero, eta 13 urte eman nituen han. Baina nik hemen bizi nahi dut, Euskal Herrian”, esan du. Gaur iritzia emateko aukera izan arren, jendeak parte hartuko duen zalantza agertu du: “Tolosan ere jende askok ez zuen botoa eman. Ez dakit zeri begira dauden. Gure bizitzan besterik ez dugu behar, iritzia ematea besterik ez. Baina eguna heltzen denean bakoitza bere gauzetara dago. Nortasuna behar da, gaur daukagun aukera ez dugu-eta egunero edukiko”. Gaurko botoak bere balioa badu, Agirremalloaren esanetan: “Bidea zabaltzeko balio du, eta gero, ikusiko da”.
Nortasuna behar da, gaur daukagun aukera ez dugu-eta egunero edukiko”
“Zerbaitegatik galdetuko dute”. Agirremalloagaz batera botoa eman du maiatzean 95 urte bete behar dituen Romana Monasteriok. Iritzia ematea egin beharrekoa eta garrantzitsua dala aipatu du gaur, Gernikan. 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zutenean, Errenterian zen Monasterio. “Astelehena zen, eta amarekin azokara etorri nintzen, astoan arraultzak eta salgaiak ekarrita. Baina Errenterian geundela, hegazkinak ikusi genituen. Beraz, gure gauzak Goiritxu tabernan utzi eta errepidetik etxera bueltatu beharrean, beldurrez, erreka izkinatik egin genuen bidea. Etxera heltzea lortu genuen, eta pozik. Gero, iluntzea, etxetik atera eta Gernika osoa sutan ikusi genuen”.
80 urte geroago, gaur botoa eman du, Euskal Herriaren geroari buruz erabakitzea “garrantzitsua” delako; “Euskal Herrikoa naiz, eta Euskal Herria niretzat dena da”, gaineratu du. Gaurko galdeketak bere balioa baduela uste du Monasteriok ere. Dioenez, “galdetzen duenak zerbaitegatik galdetuko du ba”.
Aspaldi egin behar zena. Herriari galdetzearena “aspaldi egin behar zen” gauza dela iritzi diote Estibaliz Bidaguren eta Javier Alberdik. Gernikarrak biak, 85 urte ditu Bidagurenek, eta 90 bete behar ditu Alberdik. “Guk gaur aukera izan dugu iritzia emateko, baina askok ez dute aukera hori eduki”. Erabakitzeko garaia dela diote, gaurkoa pauso bat dela, eta zerbaitetarako balioko duela.
Guk gaur aukera izan dugu iritzia emateko, baina askok ez dute aukera hori eduki”.
16 urtetik gorakoek izan dute gaur botoa emateko aukera, eta 16 urterekin, eskubide hori gauzatu du Jon Oribe Albizuk. Gazteek ere iritzia emateko eskubidea dutelako, parte hartzea garrantzitsua dela dio: “15 urtetik gorakoek gure iritzia badugu, eta berau islatzeko aukera dugu gure botoaren bidez”.
Ardanza botoa ematen, Kanalan (Gure Esku Dago)
Herritarren artean, zenbait politikarik ere parte hartu dute herri galdeketan. Bermeon, 09:00etan hauteslekuan egon dira alderdi guztietako udal ordezkariak, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Kanalan, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak ere botoa eman du goizean. Gernika-Lumoko EH Bilduko zinegotziek ere elkarrekin eman dute botoa, 12.30ean.
Goizean goiz ibili dira Busturialdeko herritarrak. Eskualdeko herri txikietan parte hartzea espero handiagoa izan da eguneko lehen orduetan. Herri gehienetan jarduerak eta ekitaldiak antolatu dituzte, eta plazak jendez bete dira eguerdi parterako. Kanalan, eta Nabarnizen eta Arratzun parte hartzea %70tik gorakoa izan da. Azken herri horretan, esaterako, alkate eta alkate ohiek haritz abten kimua landatu dute elkarrekin, erabakitzeko eskubidea gauzatu duten egunaren oroigarri.
Nabarnizen parte hartzea %74,09koa izan da. Jendearen esker ona aipatu dute herri ekimeneko kideek, eta edadeko herritarren parte hartzea nabarmendu dute. Kanalan hautesleen %78,95k eman du gaur botoa.
Parte hartzea herriz herri.
Argazki galeria ikusgai: hemen.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.