Gernika-Lumoko EH Bilduk gernikarren beharrizanei erantzutea asmo duen udal aurrekontu proposamena aurkeztu zuen atzo. Hala, aurrezteko eta gastuak arrazionalizatzen saiatzeko neurriak bildu ditu, besteak beste. Era berean, indartu beharreko gai eta arloak zehaztu, eta udal langileen egoeran arreta jarri dute.
EH Bilduk dio baduela Gernika-Lumorentzako «estrategia bat, plan bat». Hala, bere arduratzat hartzen du baita ere aurrekontu proposamen bat lantzea, herriarekin partekatzea eta «posible den heinean, udal gobernuarekin adosten saiatzea».
Aurrekontuen proposamena lantzeko herri batzarrak egin dituzte, eta guztira, 23 ideia eta egitasmo jaso dituztela jakitera eman dute. Era berean, horiek gauzatzeko aukerak eta kostuak aztertzen, eta horien artean aurrekontu proiektua osatuko dutenak lehenesten aritu dira.
Hiru ardatz
Hala, hiru ardatzetan finkatu du bere filosofia: batetik, aurrezteko eta gastuak bidezkoak izateko neurriak hartzearen alde agertu da, eta horretarako, esaterako, politikoen soldatak jaistea eta gastuak arrazionalizatzen saiatzea proposatu du.
Bestetik, gai edota arlo jakin batzuetan indar handiagoa jarri behar dela uste du. Esaterako, udalaren erakunde autonomoak sendotzea «ezinbesteko» ikusten du, eta, horregatik, udalak horietarako ematen duen diru kantitatea igotzea proposatzen du. Era berean, gainera, gizarte ekintzarako diru laguntza gehiago egotea egoki ikusten du.
Bestalde, udal langileei ere keinu egin nahi izan die aurrekontuetan, «beraiek direla udalak ematen duen zerbitzuaren oinarria». Modu berean, EH Bilduk uste du udala bera dela horien baldintzak duinak izan daitezen bermatu behar duena. Gauzak horrela, udal langileen lanpostuen balorazioaren ondorioak jaso dituzte aurrekontuetan.
EH Bilduren proposamenak
Hainbat dira oposizioko taldeak aurrekontuen proposamenean bidalitako egitasmoak. Esaterako, herri irisgarria, segurua eta erosoa egiteko oztopoak ezabatzeko jarduerak proposatu ditu. Halaber, kirolaz eta aisiaz gozatzeko proposamenak ere bildu ditu. Horrez gain, auzoetako bizilagunei baliabideak beraien esku uzteko dei egin du. Herritarren parte hartzea ere azpimarratu du, «beraiek baitira herria bizirik mantentzen dutenak», eta, hala, horiek adierazitako beharrizanen aldeko apustua egin du. Azkenik, herria hobetzen eta atontzen jarraitzeko, gune batzuetan hainbat konponketaren beharrizana azpimarratu du.
EH BILDUREN PROPOSAMENAK
- Zabu egokituak (10.000 euro). Edozein ezgaitasun duten umeek ere aisialdiaz goza dezaten, gutxika-gutxika jolas parke denak egokitzen joatea.
- Bidegorria. Udal Gobernuaren proposamenean Bidegorriaren Mestikabasoko zatia egitea proposatzen den arren, bestelako lehentasun batzuk finkatu ditu EH Bilduk:?Correoseko zatian segurtasuna bermatzea, Juan Calzada eta perpendikularretan bizikletentzako lehentasunezko seinaleak margoztea, bizikletantzako aparkaleak egitea…
- Don Tello/San Juan (32.000 euro). Don Tello eta San Juan kaleen arteko bidegurutzean segurtasuna bermatzeko beharrezko egokitzapenak egitea; esaterako, semaforoa jartzea.
- Semaforoak egokitu (11.000 euro). Herriko semaforoak itsuentzako egokitzea; alegia, herrian daudenak aldatu, eta soinu sistemadunak ezartzea.
- Jolas parkeak estali (52.500 euro guneko). Herrian gune estalirik ia ez dagoela eta, umeen jolas parkeak apurka-apurka estaltzen joatea.
- Erreka alboak atondu (24.600 euro). Erreka inguruak atondu aisirako egokitzeko.
- Lumo (21.500 euro). Betanzos gotzaia plazarem aurreko jolas parkea osatu eta piknik gune bat egitea.
- Urbietako futbol zelaia (213.000 euro). Hegoa futbol zelaia konpontzea, egoera txarrean dagoela iritzita.
- Kirol Plan estrategikoa (35.000 euro). Beharrizan guztiak asetzeko epe ertainerako plangintza bat burutzea, aktuazio eremuak identifikatuta eta lehentasunak markatuz.
- Errenteriakoa etxea (8.500 euro). Erabilera zabalagoa eman ahal izateko eta eraikina bera aprobetxatzeko planteamendu bat egitea eta egoera hobetzeko lanak egitea.
- Lurgorriko eskola (9.800 euro). Aurrekontuetan kopuru bat aurreikustea, ahalik eta lasterren eraikina auzotarren beharrizanetara egokitzeko.
- Industriagunea birgaitu (50.000 euro). Bideragarritasun azterketa egitea, biziberritzeko egitasmoa garatzea eta beharrezko neurriak ezartzea.
- Astelehenetako azoka (5.400 euro). Merkatu plazari bultzada bat eman eta biziberritzeko egungo ereduaren azterketa egin eta konponbideak bilatu. Diru kopuru bat egokitzapenerako aurreikusi. Azoka berezietako parte hartzea urria dela eta, konponbideak bilatzea.
- Astrako 2. solairua (22.300 euro). Bigarren solairuaren atontzea martxan jartzeko, proiektua bera idaztea.
- Pasealeku plaza (310.000 euro). Pasealekuko parte hartze prozesuan ateratako ondorioak kontutan hartuta, plazaren eraberritzea egitea.
- Udal liburutegia (684.000 euro). Egungo liburutegiak herritarren beharrak asetzen ez dituela iritzita, liburutegi berria ezartzea.
- Energia berriztagarriak . Udal eraikinetan energia berriztagarriak erabiltzeko beharrezko pausoak ematea.
- Alokairu diru laguntza (30.000 euro). Gizarte ekintzako diru laguntzak handitzea, herriko beharrizanei neurrian erantzuteko beharrezko baliabideak martxan jarrita.
- Carlos Gangoiti kalea (345.000 euro). Mugikortasun planari jarraiki, kale nagusietako bi errailak kendu eta bakarrera igarotzea, Juan Calzadako lanei jarraipena emanez. San Fideletik Artekalerako zatia konpontzea, eta bertan, lerroko aparkalekuak jartzea eta zama lanetarako beharrezkoak diren irizpideak zehaztea.
- Plazako eraikina (260.000 euro). Eraikinean mantenimendu eta berritze lanak egitea; beiratea jartzen jarraitzea eta erdiko gune estaltzea, esaterako.
- Alhondigako pasabidea (383.600 euro). Alhondegia kalea Astrako aparkalekuarekin batuko duen pasabidea egitea (Udal gobernuaren aurrekontu proposamenean jasota dago 100 euroko diru saila zabaldu da, ondoren, gerakinarekin gauzatzeko).
- Industria irisgarritasuna (140.000 euro). Segurtasun arazoak saihesteko, espaloia egitea Goikoibarran eta Behekoibarran.
- EIT-ITE. 50 urte baino gehiagoko eraikinei egin behar zaien ikuskaritza teknikoak egiteko planteamendu bat abiaraztea eta lehentasunen arabera egiten hastea.