Gure Esku Dago-ren kideak dira Ivan Mintegi (Gernika-Lumo, 1984) eta Arantza Goikolea (Nabarniz, 1963). Apirilaren 2ko herri galdeketa prestatzen buru-belarri aritu dira.?Domekan, eskualdeko jendeak bere etorkizunari buruz iritzia emateko aukera edukiko du. Eskualdearen eta Euskal?Herriaren etorkizuna herritarren esku dagoela diote, eta parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute.
Zergatik eman behar da botoa?
Ivan Mintegi. Herritarrak garelako subjektua, gu garelako gure oraina eta etorkizuna erabaki behar dugunak.
Arantza Goikolea. Erabakitzea eskubidea delako eta ez da zalantzan jartzen.?Beraz, gure herrian erabakitzeko aukera dugunean, guri dagokigu eskubide hori egi bihurtzea. Galdeketaren bitartez, jendearen borondatea agerian jarri nahi da, era demokratiko batean.
Parte hartzea da garrantzitsua, ez emaitza. Zergatik?
A.G. Parte hartzea beti da garrantzitsua, eta Gure Esku Dago ere saiatu da, dinamika parte hartzailen bitartez, galdeketa egunera arteko ibilbidea marrazten eta jendearen parte hartzea bultzatzen.?Denon artean adostu behar dugulako, eta garrantzitsua da denok parte hartzea prozesu horretan.
Galdeketa deitu duzue, horretarako behar den babesa lortuta. Aniztasuna eta baterajotzea zergatik da garrantzitsua?
I.M. Hau ez da abertzaleen ariketa bat, herri honen eta herritar denen eskubidea baizik.
A.G. Hala da, eta bidea denon artean egin behar dugu. Norbanakoen pentsaerak, jatorriak, sentimenduak errespetatuz, baina elkar hartzea da bidea egiteko modu bakarra. Denak gara beharrezko eta inor ez dago soberan.
Botoa emateko zalantzan daudenei zer esan?
A.G. Botoa ematea nork bere iritzia adierazteko modu bat dela, eta horretarako aukera dugula domekan. Zalantzan egon daiteke, baina galdeketaren ostean geratuko dena da jendeak domekan adierazten duena. Horregatik, garrantzitsua da norbanako bakoitzak duen iritzia jasotzea. Ariketa demokratiko bat da, ez besterik. Eta demokrazian sinisten duenak horretarako aukera dauka.
I.M. Galdera egin ezean erantzunik ez dago, eta erantzuna ematen ez baduzu iritzirik ere ez daukazu.
Eta botoa emoteko asmorik ez duenari?
A.G. Asmorik ez duenak bere arrazoiak izango ditu. Izan daiteke pentsatzea baldintzarik emoten ez dela, edo ezer lortzerik ez dugula. Hari esan behar zaio herria martxan jartzen denan herritarren nahiak mugituko dituela beste pieza batzuk.?Baina, horretarako, derrigorrezkoa da nork bere nahia botoaren bidez adieraztea.
Zein pieza mugiarazi ditzake herriak?
A.G. Ba, adibidez, legeak aldatu daitezke. Jendea enpoderatuz, gehiengo nagusi eta zabalak eskubidea du zer nahi duen adierazteko.
Apirilaren 2aren ostean zer?
I.M. Ekainaren 10ean galdera ikurra irudikatuko da Bilbon, eta aurrerago herritarren ituna irakuriko da. Hortik abiatuta, ikusi beharko da norantza jo.
Etorkizun batean posible ikusten duzue Euskal?Herrian egoera aldatzea?
I.M. Bai. Mugimendu honek bere bidea egiten badu eta jendea herri honek duen aukera horregaz jabetuz gero, posible dela uste dut.
Kataluniako prozesuak eta Euskal Herrikoak elkar elikatu daitezke?
A.G. Bai.?Modu ezberdinetan baina bide bat da haiek eta gu egiten ari garena.?Gure buruaren jabe izateko pausoak ematen ari gara, eta elkarri laguntzen. haiek erakusten duten determinazioa falta dugu.
I.M. Azken batean, beraiek dabiltza guri bidea irekitzen.