Orain arte moduan, askotariko erabilera gunea izatea da herritarren zein udalaren asmoa, baina, Iratxe Arriola Eako alkatearen berbetan, lanekin espazio “gozoagoa eta
atseginagoa” sortu nahi izan dute, herritarrak erosoago egoteko.
Egunerokotasuneko erabilera izatea nahi dute, familia, gazte zein helduentzako
topagunea. “Erabilera anitza” izatea da udalaren asmoa, espazioari ahalik eta erabilera gehien ematea.
Zapatuan inauguratu zuten.
Argazkia: Eako Udala.
“Neguan egoteko leku hotza izan da. Fatxadan eta teilatuan ez zeukan isolatze termikorik, eta leihoak iparraldera emateaz gain, kristal finekoak ziren”, zehaztu du Eako alkateak. Beraz, alde batetik, hotzaren kontrako neurri batzuk hartu dituzte. Material ekologikoekin hormetan
isolatze termikoa jarri dute, eta baita teilatuan ere, eta leihoetan kristal bikoitzak jarri dituzte. Bestetik, argitasun gehiago sartzeko hegoaldera beirateak zabaldu dizkiote. “Horrela eguzkiak berotasuna eta argitasuna ematen ditu orain”.
Orain arte gasolio bidezko berogailu sistema izan dute, eta horren ordez
geotermia sistema dute orain. Zehatz esateko,
zoru bero-emaile bidezko berokuntza jarri dute. “Lur azpiko berotasuna aprobetxatuta, sistema errentagarriagoa lortu dugu. Orain inbertsioa egin da, baina, aurreko sistema baino errentagarriagoa da”. Bestalde, Bolatokira sartzeko txartel bidezko sistema ipini dute.
Zapatu eguerdian egindako inaugurazioan geotermiako teknikariek sistemak zelan funtzionatzen duen eta haren onurak azaldu zizkieten natxituarrei. Era berean, udal ordezkariek lanak egitearen arrazoiak, finantzaketa modua eta haiek bolatokiak izatea gura duten funtzioa zehaztu zituzten. “Herritarrek egunero ekintza desberdinetarako erabili dezaketen gunea izatea nahi dugu, eta
erabilera herritarren artean adostea”.
Horretarako,
apirilaren 22an batzartuko dira, eta herritarrek haien proposamenak eroango dituzte bilerara. Gunea herritarrengandik autogestionatua izatea nahi badute, udalak gutxieneko baldintza batzuk zehaztu beharko dituela adierazi du Arriolak. Adibidez, herritar denek sarbidea izatea, eta espazioa egoki eta garbi kontserbatzea eta mantentzea.
Udalak aurrekontuetan eduki zuen diru sail bat lan honetarako, eta erakunde publikoengandik
diru laguntzak lortzeko proiektu desberdinak aurkeztu zituen. “Eusko Jaurlaritzatik, Bizkaiko Foru Aldunditik eta Energiaren Euskal Erakundetik diru laguntzak lortu ditugu, eta ia %100 diru laguntza publikoz finantzatu da”, azaldu du Eako alkateak. Lanetarako 90.000 euro inguruko aurrekontua izan dute, eta geotermia sistema jartzea 18.000 bat euro kostatu zaie.