Busturialdea Bertsolari Gazteen BBK Txapelketaren finalean egongo da
Barikuan jokatuko dute finala Bilboko BBK aretoan, 19:00etan hasita. Atzoko finalaurrekoa irabazi zuen Uribe Kostaren aurka ariko da bertsotan finaleanBusturialdeko taldeak Bertsolari Gazteen BBK Txapelketaren finalerako txartela lortu du, Zallako Zine...
Barikuan jokatuko dute finala Bilboko BBK aretoan, 19:00etan hasita. Atzoko finalaurrekoa irabazi zuen Uribe Kostaren aurka ariko da bertsotan finalean
Busturialdeko taldeak Bertsolari Gazteen BBK Txapelketaren finalerako txartela lortu du, Zallako Zine antzokian jokatutako finalaurrekoan, Enkarterri/Ezkerraldea menperatu ostean.Herriko ikastetxeetako ikasleen aurrean abestuz, etxean lehiatzen zuen taldea gailentzea lortu zuten Busturialdekoek, 388 puntu eginda. Enkarterri/Ezkerraldea taldeak, berriz, 373 puntu lortzeagaz konformatu behar izan zuen.
Garaipen hori eskuratzeko bertoko bertsolari gazteen lana ezinbestekoa izan zen. 18 urte artekoetan, Julen Karrion, Peio Gerrikaetxebarria eta Beñat Bilbao aritu ziren bertsotan, eta 24 urte artekoetan, berriz, Ibai Amillategi, Unai Agirre eta Lurdes Ondaro.
Barikuko saioa Beñat Vidalek aurkeztu zuen, eta epaimahaian, Juanjo Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristi izan ziren. Idazkari lanetan, ostera, Ione Narbaiza aritu zen.
Guztira, zortzi talde ari dira parte hartzen Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan: Busturialdea; Durangaldea; Enkarterri/Ezkerraldea; Arratia; Uribe Kosta; Hego Uribe; Lea-Artibai eta Uribe Butroe.
Arratzun hasi zen txapelketa martxoaren 8an, Busturialdeko eta Durangaldeko bertsolarien arteko lehiagaz. Bertoko eskualdea gailendu zen orduan, eta, hala, finalaurrekorako txartela eskuratu zuen. Hain justu, barikuan jokatu zuen finalaurrekoa Enkarterri/Ezkerraldearen aurka, eta orduan ere, nagusitzea lortu zuen. Hori dela eta, barikuan 19:00etan hasita, BBK aretoan jokatuko den finalean izango da bertoko taldea.
Atzo jakin ahal izan zen finalean noren aurka egin beharko duen bertsotan Busturialdeko taldeak; izan ere, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan lehiatu zuten atzo bigarren finalaurrekoa. Bertan, Uribe Kosta nagusitu zen Uribe Butroeren aurkako norgehiagokan, eta, horrenbestez, hori izango da finalean aurrez aurre izango duen taldea.