Bermeoko Udalaren ustez, «ezinbestekoa» da herrian suhiltzaile talde finko bat edukitzea. Benito Ibarrolaza alkateordeak atzo emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez,
2013.urteko apirilaren 11ko sute larritik gaur egun arte, 20 sute izan dira Bermeoko Alde Zaharrean, eta
40, berriz, herriko beste leku batzuetan. Dioenez, datuek agerian uzten dute «herriak daukan beharrizana».
Benito Ibarrolaza atzoko prentsaurrekoan
Alde Zaharrean izandako azken sustoa domekan izan zen, Andra Mari elizako berogailu gelak su hartu baitzuen, eta lehenengo solairuraino zabaldu zen sua. «Zorionez, sutea ordu pare batean kontrolatuta egon zen, eta ezzen zabaldu beste eraikin batzuetara. Horrez gain, ez zen zauriturik egon», esan du Ibarrolazak. Suhiltzaileek, Gernikatik Bermeora heltzeko, gutxi gorabehera 20 minutu behar izaten dituztela aipatu du; «eta, denok dakigun bezala,
sute batean lehenengo minutuak oso garrantzitsuak dira suaren kontra egiteko».
Alde Zaharraren arriskuak ere gogorarazi gura izan ditu alkateordeak prentsaurrekoan: «kaleak estuak dira, etxeak bata bestearen ondoan daude, egurrezko etxeak …». Era berean, Bermeoko Alde Zaharra Bizkaiko handiena ez bada, handienetarikoa dela esan du Ibarrolazak, eta foru aldundiak, hori ere kontuan hartu beharko lukeela uste du.
Eskaria idatziz, birritan. Iazko martxoaren 21ean, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zion Bermeon suhiltzaile talde finko bat jartzeko. Erantzunik ez zutela eduki esan du Ibarrolazak, eta, aurten, martxoaren 21ean eskaera berdina luzatu diote, «ahalik eta arinen, 3 edo 4 suhiltzaile, kamioi batekin, osatutako talde finkoa osatzea espero dugu». Taldea osatzen den bitartean, beste alde batetik, Bermeoko Herri Babesa taldeak egiten duen beharra errazteko helburuagaz, aldundiari hurrengo baliabideen lagapena egitea ere eskatu dio udalak: hala nola, moto-bonba kamioi txiki bat, eskaladun kamioi txiki bat, lur orotarako ibilgailu arin bat eta ekipo autonomoak.
Prentsaurrekoa, gainera,
Bermeoko Herri Babesak egiten duen lana goraipatzeko aprobetxatu du alkateordeak. Boluntarioak izanik «dena ematen dute».
Gaur egun 5 edo 6 boluntario daudela jakinarazi du.
Herri Babesako kideen lanari esker,
Alde Zaharrean gertatutako bost sute itzali ahal izan direla azaldu du Ibarrolazak, suhiltzaileen esku hartze barik, «nahiz eta gero, horiek etortzen diren ikuskatzera».
Herrian, berriz, 15 izan dira Herri Babesako boluntarioek itzalitako suteak.
Bizkaiko Foru Aldundiari eskaera idatziz bidali badiote ere, herenegungo Gobernu Batzordean erabaki zuten aldundiagaz batzar bat eskatzea, «gai honi buruz berba egin ahal izateko eta datuak lehen eskuz emateko, akordio batera heltzeko helburuarekin». Izan ere, herriaren eta herritarren segurtasuna bermatzeko, herrian suhiltzaileen talde finko bat edukitzea «guztiz beharrezkoa» dela uste du Bermeoko Udalak.