Azken urteotan udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera sozialak izan duen bilakaera aztertuko du Uemak. Horretarako, udalerri bi aukeratu dituzte: Bermeo, eta Ondarroa.
Herri biak arrantzari lotutako Bizkaiko udalerri euskaldunak dira, baina joerak oso desberdinak dira. Helburua, euskararen erabileran beheranzko joera modu azkarrean doan herrietan zer gertatzen den jakitea da. Horietako bat da Bermeo. Alderantziz gertatzen da Ondarroan: hizkuntzaren gaitasunari zein erabilerari eusten dion udalerria da. Biak aztertu, eta zergatiak azaltzen ahaleginduko dira azterlanagaz.
Informazio bilketa. Metodo desberdinak erabiliko dira azterlana egin ahal izateko. Alde batetik, datu bilketa egiteko teknika kuantitatiboa erabiliko da. Hortik laginketa egin eta herritarren egunerokotasuneko hizkuntza ohiturak aztertu nahi dira.
Hori osatzeko, herritarren laguntasuna eskatu dute arduradunek, eta Ondarroako eta Bermeoko bizilagunei
galdetegi bat betetzeko eskaria egin diteke. Galdetegia,
hemen bete daiteke.
Alde kuantitatiboaz gain, kualitatiboa ere aztertuko dute. Horretarako, sakontzeko elkarrizketak eta talde eztabaidak ere egingo dira.
Gainera, errolda datuak, ezaugarri geografikoak, migrazioaren aldaketak, turismo datuak, ekonomia eredua, ekipamenduak, komunikazioa eta bestelako datuak ere erabiliko dituzte azterketa osatzeko.
Aztertzaileak Uemako teknikari bi dira. HIZNET graduondoko sakontze egitasmorako ari dira azterlana egiten, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariaren laguntzagaz.