Urdaibai Bird Centerrek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoari esker
arrano arrantzalea berreskuratzeko duen programaren baitan askaturiko hegaztietako bat joan den
larunbatean itzuli zen Urdaibaira. Orain Urdaibaira bueltatu dena
2013an askatu zutela baieztatu ahal izan dute lan horretan ari diren zientzialariek. Hala ere, ez da itzultzen zen lehen aldia, lehenengoz 2015ean itzuli baitze, eta iazko abuztuan ere askotan ikusi zuten Urdaibai Biosfera Erreserban.
Askatu ostean, Europan bizi diren arrano arrantzale gehienek Saharaz Hegoaldeko Afrikan igarotzen dute negua, batez ere Gineako Golkoaren inguruko herrietan, Senegal eta Ekuatore Ginea artean. Han, ondoz ondoko bi negu igarotzen dituzte. Hilkortasun tasa, baina, oso altua da lehenengo bi urte horietan; %80 ingurukoa, alegia. Horren arrazoiak neguak dakartzan arriskuak eta migrazioa bera dira, batez ere. Hori horrela izanik, hainbat arrano hil egin dira, bai elektrokuzio edota aerosorgailuen ondorioz, eta baita sare eta aparejuetan harrapatuta geratu izan direlako. Dena den,
Urdaibai euren jaioterri moduan hartzen dute, eta, bizirauten dutenek
etxera bueltatzeko joera dute. Horrez gain,
kumeak egiteko euren tokietara itzultzen hasten dira. Joan den astean heldu zen arrano arrantzalearen buelta ere “garrantzitsua” dela azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Espezie horren berreskuratze prozesuak hiru helburu ditu: espeziea bera kontserbatzea, «oso erabilgarria baita ekosistemaren egoera ebaluatzeko eta neurri zuzentzaileak ezartzeko»; ingurumen-hezkuntza bultzatzea, «arrano arrantzaleak biodibertsitatearen kontserbazioaren inguruan sentsibilizazioa sustatzen laguntzen duelako»; eta, ekoturismoa sustatzea. Era berean, 2013an askatu zituzten aleek lau urte bete dituztela eta helduak direla kontuan harturik,
proiekturaren bosgarren urte hau “berezia” da, “gerta daitekeelako
udaberri honetan ugalduko den bikoteren bat eratzea programaren helburu nagusietako bat betez”.
Aleak, beraz, 2015ean hasi ziren itzultzen eta 2016an ere lau ar bueltatu ziren; horietatik hiru 2013an askatu zituzten eta beste bat 2014an. 2013an programa martxan jarri zenetik gaur egunera, berriz, 48 ale askatu dituzte Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eskoziako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmen bati esker heldu dira Bizkaira.
Hezkuntza jorratzeko alderdiari begira, gaur egunera arte
5.000 ikasle inguru izan dira, 300 irakaslek lagunduta, arrano arrantzalea ezagutzeko Urdaibai Bird Center bisitatu dutenak. Halaber,
25 hitzaldi antolatu dira publiko helduarentzat.
Arrano arrantzalea, Urdaibain. Argazkia: Urdaibai Bird Center.
Urteurrena
Duela bost urte ireki zuten Urdaibai Bird Center jendeaurrera; hori dela eta, arduradunek
Urdaibai Reserve hiruhileroko
aldizkari digital berria kaleratzea erabaki dute. Proiektu berriaren helburu nagusia edertasun handiko argazki eta ulerterrazak diren testu laburrak erabiliz Urdaibaiko Biosfera Erreserbak gordetzen dituen
altxor naturalak plazaratzea da, dibertsitate natural eta kulturala ezagutaraziz.
Edukien bidez Urdaibai berezia egiten duten ezaugarriak erakutsi, erreserbako benetako altxorrak diren landare eta animalien bizitzaren bitxikeriak plazaratu eta hauek bizi diren habitat harrigarriekin gozatzeko aukera eman nahi diete herritarrei.