Gernika-Lumoko Udalak zarata-mapa aurkeztuko die bihar herritarrei
Ekintza plana burutzeko oinarri hartuko duten zarata-mapa gauzatu du udalak, herriko toki eta ordu ezberdinetan zarata maila neurtuta. Hala, horri buruz informatu gura ditu gernikarrak, eta, horretarako, hitzordua jarri du biharko. Hala, 19:00etan hasita, Elai Alai aretoan aurkeztuko dute zarata-mapa herritarren aurrean.
Gernika-Lumoko Udalaren helburua kutsadura akustiko maila hobea lortzea da, eta, horregatik, zarata maila ezberdinei aurre egiteko jarduerak jaso nahi ditu. Hori horrela, zarata maila handiena jasaten dituzten tokiak nabarmendu eta zarata maila txikia behar duten guneak zehaztu ditu, eta horiek babesteko beharra azpimarratu du.
Zarata maila txikia behar duten gune horien artean, esaterako, ospitale eta osasun-etxea, ikastetexeak eta hirugarren adinekoen egoitzak kokatu ditu udalak. Eta jakitera eman duenez, horien artean lauk gehienezko zarata maila gailentzen dute.
Gaueko zarata “txikiagoa”
Zarata-mapa burutzeko egindako azterketaren arabera, goizeko eta arratsaldeko zarata “antzekoa” da, eta gauekoa, berriz, “txikiagoa”. Hori jakiteko, hainbat puntutan jarri dute arreta: hala nola, bideetako zaratan, trenbideak edota industriek egiten duten zaratan…
Zarata-mapa eginda, kutsadura akustikoaren aurkako Ekintza Plana ezartzea izango du hurrengo pausoa Gernika-Lumoko Udalak. Eta aurreratu duenez, sei ardatz landuko ditu bertan: garraio egiturak, hiri eta lurralde garapena, industria eta merkataritza jarduerak, eraikuntza obrak, aisialdirako jarduerak eta udalerriko beste zerbitzu batzuk.