Busturialdeko taldea Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako finalean izango da
Guztira, zortzi talde ari dira parte hartzen Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan: Busturialdea; Durangaldea; Enkarterri/Ezkerraldea; Arratia; Uribe Kosta; Hego Uribe; Lea-Artibai eta Uribe Butroe.
Arratzun hasi zen txapelketa martxoaren 8an, Busturialdea eta Durangaldeko bertsolarien arteko lehiagaz. Bertoko eskualdea gailendu zen orduan, eta, hala, finalaurrekorako txartela eskuratu zuen. Hain justu, barikuan jokatu zuen finalaurrekoa Enkarterri/Ezkerraldearen aurka, eta orduan ere, nagusitzea lortu zuen. Hori dela eta, martxoaren 30ean jokatuko den finalean izango da bertoko taldea.
Zallako Zine antzokian bildu ziren barikuan, 25. BBK sariketaren lehenengo finalaurrekoa lehiatzeko. Herriko ikastetxeetako ikasleen aurrean abestuz, etxean lehiatzen zuen taldea menperatzea lortu zuten Busturialdekoek, 388 puntu eginda. Enkarterri/Ezkerraldea taldeak, berriz, 373 puntu lortzeagaz konformatu behar izan zuen.
Garaipen hori eskuratzeko bertoko bertsolari gazteen lana ezinbestekoa izan zen. 18 urte artekoetan, Julen Karrion, Peio Gerrikaetxebarria eta Beñat Bilbao aritu ziren bertsotan, eta 24 urte artekoetan, berriz, Ibai Amillategi, Unai Agirre eta Lurdes Ondaro.
Barikuko saioa Beñat Vidalek aurkeztu zuen, eta epaimahaian, Juanjo Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristi izan ziren. Idazkari lanetan, ostera, Ione Narbaiza aritu zen.
Barikuko garaipenaren ostean, beraz, martxoaren 31n edukiko du hurrengo eta azken norgehiagoka Busturialdeak. Hain zuzen ere, bihar Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan lehiatuko duten bigarren finalaurrekoan garaipena lortzen duen horren aurka lehiatuko da finalean. 12:00etan hasita, Uribe Kosta eta Uribe Butroe ariko dira bertsotan; alegia, hirugarren eta laugarren kanporaketako irabazleak.