32-6 galdu zuten zapatuan ordiziarren kontra. Partida serioa eta parekatua izan zen.
Partidako lehenengo jokaldietan talde gernikarra nagusitu zen zelaian. Ordiziarrak kontrolpean zituztela, markagailua estreinatzea lortu zuten; Pichlerrek transformatutako zigor kolpe bati esker, 0-3 aurreratu ziren
bigarren minutuan.
Etxekoek berehala erantzun zuten.
Erasora jo, eta entsegua egiteko ahaleginean aritu ziren, baina basurdeen defentsa sendoak haien helburua lortzea eragotzi zien.
Hurrengo minutuetan ordiziarrek partidaren kontrola bereganatu zuten. Etengabeko erasoko jokaldien ostean,
Ordiziak entsegua egin zuen. Ondoren, zigor kolpe batekin beste hiru puntu lortu zituzten, eta zazpi puntuko aldeagaz jarri ziren: 10-3.
Hurrengo minutuetan paretsu jokatu zuten bi taldeek. Etengabe erasoan ahalegindu ziren, baina, etxekoek zorte hobea izan zuten. Izan ere, beste zigor kolpe batekin markagailuko aldea handitzea lortu zuten.
Basurdeek ez zuten amore eman, eta haien erasoak geldiarazteko defentsa lan sendoa egin behar izan zuten etxeko jokalariek. Gainera, Perez Ordiziako jokalariak txartel horia ikustean, jokalari bat gutxiagogaz geratu zen etxeko taldea. Hala ere,
ordiziarrek ez zuten arazorik izan
beste entsegu bat lortzeko (20-3).
Argazkia: Anuar Gomez.
Atsedenaldira heltzeko minutu gutxi geratzen ziren, eta basurdeek bazekiten gogor lan egin behar zutela markagailuari buelta emateko. Gainera, aldageletara joan aurretik zigor kolpe batekin beste hiru puntu pilatu zituen Ordiziak:
20-6.
Bigarren zatiaren hasieran basurdeak izan ziren protagonistak. Erasoko jokaldietako batean entsegua gertu izan zuten, baina ordiziarren defentsak geldiarazi zuen jokaldia. Hala ere,
joko bikaina erakutsi zuen talde gernikarrak.
Basurdeen defentsan lekua eginda bi entsegu lortu zituzten etxekoek. Gernika RTk ondo jokatu arren, ez zuen punturik pilatu bigarren zatian.