2016-2017 denboraldiko etxeko azken jardunaldian sailkapeneko
hirugarren postua ziurtatu du Lointek Gernika Bizkaiak.
Zapatuan 78-64 irabazi zion Mann-Filter Zaragozako taldeari. Beste behin defentsan sendo eta zenbait erasoko jokalditan erakustaldia emanez jokatu zuten Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek.
Argazkia: Txebi Arriaga
Sailkapeneko hirugarren postua denboraldian zehar egindako lanaren fruitua da, eta etxeko zaleek haien partidekin gozatu izana eskertu zieten. Zapatuan ere
jendetza batu zen Malosten, eta denboraldiko beste partidetan legez, giro ezin hobea sortu zuten.
Hala ere, partida hasiera ez zen beste askotan bezain indartsua izan.
Mokango izan zen lehenengo minutuetako protagonista.
Gogotsu ekin zion lehiari; ia hiru jokaldi jarraian burututa, zertarako gai den erakutsi zien aurkariei. Partida hasi eta bi minutura 8-0ko markagailuagaz zeuden, eta hurrengo minutuetan ere etxekoak nagusitu ziren kantxan. Horren adierazle da, talde zaragozarrak lehen laurdenean soilik zortzi puntu eskuratu izana.
17-8ko markagailuagaz hasi zuten bigarren laurdena. Mann Filterreko jokalariak estu hartu zituzten etxekoek, eta beste behin defentsa lan bikaina erabakigarria izan zen. Baina defentsan bakarrik ez, erasoan ere asmatu zuten talde gernikarrekoek. Ondorioz,
neurketa ia erabakita zutela heldu ziren atsedenaldira. Lazarok, Alonsok, Diezek, Sandrikek eta Mokangok
talde lan indartsua burutu zuten, eta 23-11ko partzialari esker, 40-11ko emaitzagaz joan ziren aldageletara.
Argazkia: Txebi Arriaga
Atsedenaldiaren ostean ere erritmo eta intentsitate bera mantendu zuen Malosteko taldeak. Saskiratzeetan asmatuz, ia huts egite barik, eta jokaldietan kontzentrazioa galdu barik jokatu zuten etxekoek. Hala, bigarren laurdeneko antzeko partziala lortu zuten hirugarrenean ere: 24-14, eta ondorioz,
30 puntuko aldeagaz heldu ziren azken txanpara (64-33).
Mann Filterreko jokalariek ez zuten partida galdutzat eman, eta amorerik eman gabe 31 puntu pilatu zituen azken laurdenean. Etxekoek lasaiago jokatu zuten, baina, hutsegiterik barik, garaipena ziurtatzeko zeregina ondo burutu zuten.
Argazkia: Txebi Arriaga
Zapatuan, Galizian
Emakumezkoen Ligaren 2016-2017 denboraldiko azken jardunaldiko partida guztiak egun eta ordu berean jokatuko dituzte.
Zapatuan 19:00etatik aurrera lehiatuko dira talde denak.
Gernika-Lumoko taldeak
Star Center-Uni Ferrolen kantxa bisitatuko du. Hain zuzen ere, sailkapeneko laugarrena da talde galiziarra, 39 puntugaz. Haren atzetik puntu bakarrera daude Lacturale Araski, Cadi La Seu eta IDK Gipuzkoa.
Bestalde, Perfumerias Avenidak jarraitzen du sailkapen buru, 49 puntugaz eta hiru puntu gutxiago ditu Spar Citylift Gironak. Lointek Gernika Bizkaiak 41 puntu ditu.