Goizalde Aransolo: "Argi utzi dugu neskok mutilen beste edo gehiago garela"
Zeure buruari erronka edo helbururik jarri al diozu? Helburu zehatzik ez; gozatzea eta ondo pasatzea da helburua, eta irabazi ahal bada hobeto. Sufritu arren, gozatu egiten dut; gustuko lekuan aldaparik ez dago. Nire gorputzak ahal duenera arte segituko dut. Adin desberdinetakoak gaude taldean: gazteak zein helduagoak; umeak dituztenak, ez dituztenak… Gorputzak esan arte, eta lan kontuengatik ahal dudanera arte entrenatzen jarraituko dut. Lesio asko izaten al dituzue sokatiralariok? Normalean saihetsetako lesioak izaten dira gehienak, soka hor sartzen dugulako, eta esfortzu gehien saihetsetan egiten dugulako. Asko kostatzen da lesio horiek osatzea. Alde horretatik denboraldi honetan suertea izan dugu, taldekide bakarra lesionatu da. Nik fisura bat izan dut, eta hilabetez geldi egoteko esan zidaten, baina ez nintzen egon. Gero eta emakume gehiago zaudete herri kiroletan. Askotan entzun dugu sokatira ez dela emakumeen kirola. Nahiz eta “gizartea aldatzen” joan, gaur egun ere hori entzuten da. Uste dut argi utzi dugula neskak mutilen beste bagarela, edo gehiago. Askotan entzun dugu ez dugula indarrik sokatiran lehiatzeko, eta horrek min ematen du, amorrua. Aurten eztabaida egon da mutilen zenbait taldek arauak bete ez dituztelako. Nik lehenengoz bizi izan dut halako zerbait, baina uste dut epaileak ere ez zirela ibili batere zur. Hasi aurretik zapatilak eta gerrikoak begiratzen dizkigute. Egun horretan tirada batzuk egin ostean esan zuten jendeak zer edo zer bota zuela zapatiletara, eta eztabaidatzen hasi ziren. Gero, hiru talde kanpoan geratu eta beste hiruk bakarrik jokatu zuten Laukizko finala, eta jendea kexatu egin zen.“Entrenatzaileak daukagun onena ateratzen saiatzen dira; eskertzekoa da”
“Aurkari gogorren kontra sufritzeak fruituak eman ditu; merezi izan du”
Bestalde, komunikabideetan sokatira gutxi agertzen dela ere sarri salatu duzue. Aurrekoan, adibidez, Realaren eta Athleticen arteko derbia zenean eman zuten gure saioa, domeka eguerdian. Berez ordutegi ona da, baina justu egun horretan nork ikusiko du? Sarriago ematea gustatuko litzaiguke, ikustera emateko guk egiten dugun kirola. Futbola eta saskibaloiaz gain, telebistan ez dago beste ezer. Esate baterako, domeketako kirol programan eta albistegietan ere leku askorik ez du sokatirak. Noiz erabaki zenuen sokatiralari izatea? Orain dela zazpi bat urte. Bermeon jendea behar zutela esan zidaten, eta ea sokatiran hasiko nintzen. Probatzearren ez zela ezer pasatzen pentsatu, eta animatu nintzen. Lau neska bakarrik batu ginenez, ez zen nesken talderik sortu. Gero enteratu ginen Laukizko Gaztedi taldean neskak behar zituztela. Han probatu, gustatu eta bertan hasi nintzen. Urte bat edo bi egin nituen, baina ordutegi arazoengatik utzi beharra izan nuen. Hala ere, saioak ikustera joaten nintzen bakoitzean barruan zer edo zer pizten zitzaidan, eta berriro hastea erabaki nuen. Ordutik, hirugarren denboraldia beteko dut. Zer esango zenieke sokatira gustukoa izan arren oraindik probatu ez dutenei? Neskak probatzera etor daitezen animatzen ditut, eskuzabalik hartuko ditugu. Probatzearren ez da ezer pasatzen; gustatu ahal zaizu edo ez. Ni ere probatzearren hasi nintzen. Probatzea da garrantzitsuena. Kirola egiteak lagun berriak, harreman berriak egiteko aukera ematen du, eta adin desberdinetako jendea batzen gara, gainera. Batzuek urte asko daramatzate taldean. Askok 16 bat urte, eta beteranoenak ni jaio nintzenean hasi ziren. Neska eta mutilak, guztira, 40 sokatilari inguru gara. Batzuk senar-emazteak dira, eta seme-alabak dituzte, baina zelan edo halan moldatzen dira gustuko duten kirola egiteko. Sokatiratik aparte, iaz Bizkaiko Txapela irabazi zenuen txokor batzean. Aurten ere parte hartzeko asmoa daukazu? Bai, aurten ere parte hartzeko asmoa daukat. Udan izaten da, iazkoa Mungiako jaietan izan zen, baina aurten oraindik ez dakigu noiz izango den. Ea hobeto moldatzen naizen aurtengoan. Kasualitatez hasi nintzen. Entrenatzaileak hiruri galdetu zigun ea Bizkaiko Txapelketan parte hartuko genukeen. Bizkaikoa irabazita, Euskadikora sailkatu nintzen, baina denbora nahikoa pasatu zen, eta fisikoki ez nengoen hain ondo; gehiago kostatu zitzaidan.