Elkartasunak batzen duenean
Saharar kanpamenduetan bizi direnei laguntzea helburu hartuta, Yaalah elkartea sortu dute Ondarroan; datorren astean aurkezpena egingo dute, 12:30ean, Beikozinin.Elkartasunak batu ditu. Eta bide ezberdinak eduki badituzte ere, barruan daramaten boronda...
Saharar kanpamenduetan bizi direnei laguntzea helburu hartuta, Yaalah elkartea sortu dute Ondarroan; datorren astean aurkezpena egingo dute, 12:30ean, Beikozinin.
Elkartasunak batu ditu. Eta bide ezberdinak eduki badituzte ere, barruan daramaten borondateak batzera eraman ditu. Ondarrutarrak izan eta Ondarroan bizi badira ere, begiak eta bihotza hegoaldera begira dituzte, Espaini- ako mugetatik haratago, baina ez hain hurrun ere. Eta euren helburua bakarra da: saharar kanpamenduetan bizi direnei laguntzea, modu batera edo bestera, ekintza bat edo beste eginez, baina lagundu. Eta diotenez, helburu horrek batu ere egin ditu. Elkartuta indarra hobeto egiten dela sinisten dute, eta, ondorioz, elkarte bat sortu dute: Yaalah Sahararen aldeko elkartea. Herritarren aurrean aurkeztuko dute elkartea datorren asteko zapatuan, 12:30ean, Beikozinin.Janari bilketak, udan hango umeak ekartzeko Oporrak Bakean programa, medikamentuak biltzeko kanpainak… Urte hauetan guztietan askotariko ekintzak egin izan dira saharar kanpamenduetan bizi direnei laguntzeko. Eta horiek guztiak ondo daudela baderitzote ere, ondarrutarrek argi dutena da lehenik eta behin saharar kanpamenduetan bizi diren horiei entzun egin behar zaiela. «Euren beharrak zeintzuk diren entzun behar zaie, eta gero, behar horiei erantzuteko laguntzak bideratu. Kontua ez da hemendik gauzak eramatea eta han behar gehiago sortzea. Eurei galdetu behar zaie zer den behar dutena, eta gero erantzun».
Nork bere bizipenak
Saharar kanpamenduetan bizi duten egoera nork bere erara kontatzen du. Baina kontakizun guztiek puntu komunak dituzte. «Zaila egiten da han egon ez direnei hango errealitatea azaltzea. Desertua esaten denean, adibidez, jendeak ez dezala imajinatu dunak eta horrelako irudiak». Euren lurra ez den leku desegoki batean 200.000 pertsona baino gehiago sakabanatuta egotea, eta aldi berean preso egotea gogorra dela diote. Horiek, baina, zoritxarretik ere gauza positiboak ateratzeko sekulako gaitasuna daukatela diote.
Josu Etxaburu da elkartea sortu duten ondarrutarretako bat. «Nik irakaskuntzan lan egiten dut. Eta tarteka saharar kanpamenduetan egiten ziren proiektuen berri izaten nuen. Eta niri ere ekarpena egitea gustatuko litzaidakela pentsatuta, 2010. urtean hasi nintzen saharar herrialdeari laguntzeko ideiari bueltak ematen». Han eta hemen ateak jo, eta Elorrioko ikasle batzuekin batera, hara joan zen. Ordutik, beste bost aldiz egon da Etxaburu Saharan. «Esperientzia aberasagarria da, hasiera-hasieratik».
Urki Olaetxea da beste kide bat. Oporrak Bakean programaren bitartez Ondarroara etorri zen saharar bat ezagutu ostean, kuriositateak eraginda, Gabonetan kanpamendua bisitatzen egon da. Eta Euskal Herrira itzultzean, beste zer edo zer egin behar zuela sentitzen zuen. «Buruari bueltak ematen nenbilela, nire helburu berak zituzten beste herritarrekin bat egin nuen. Batu eta elkartea sortzen amaitu dugu».
Saharar kanpamenduetan bizi direnei laguntzeko proiektuak ere ezberdinak izan ahal direla diote. Eskoletara bisitak egin eta hango premiak zeintzuk diren ezagutu, familia zehatzei lagundu… Elkartea sortuta, baina, komunitate mailan dituzten beharrei erantzutea espero dutela diote. «Norbanakoetatik hasita, haratago doazen laguntzak bideratu nahi ditugu».
Joseba Zabaletak bestelako esperientzia bizi izan du. Izan ere, bere familiagaz batera, Oporrak Bakean programagaz hango ume bat Ondarroara ekartzen hasi ziren duela lau urte. Eta elkarte bat sortzeko beharra ikusten bazuten ere, orduan ez zirela gai izan dio. Gerora, familia osoagaz kanpamenduetara joateko aukera eduki zuen. «Esperientzia polita izan zen. Han ez daude guk hemen ditugun entretenimenduak, eta elkar ezagutzeko momentu gehiago daude». Edonola ere, elkarte bat sortzeak laguntzeko aukerak gehitzen dituela dio. «Kide bakoitza bide desberdinetik datorrenez, oraindik ere aberasgarriagoa da».
Ondarroako Udalaren babesa ere eskertu dute taldeko kideek. «Azken finean, udala proiektu honen beste hanka bat izan da. Banaka lanean genbiltzanok batu arazi gaituzte».
Laguntzeko borondatea
Beste elkarte asko badaude ere, Ondarroan kutsu solidario hori badagoela sinisten dute. «Nik uste dut Ondarroan badaudela nahikoa hari puntu jertsea egiten hasteko; badago laguntzeko gogoa. Egin behar dena da hori guztia bideratu. Beraz, heldu da gure momentua». Dinamika bat sortzea helburu hartuta, euren helburuekin bat egin eta saharar kanpamenduetan bizi direnei lagundu nahi dieten Ondarroa edo beste edozein herritako herritarrak ongietorriak izango direla diote.
Azken urteetan saharar kanpamenduetan bizi direnen baldintzak zertxobait hobetu badira ere, oraindik ere egiteko asko dagoela diote. Eta ondorioz, herritarrak hango errealitateaz jabetzeko kontzientziazio lana egingo dutela gaineratu dute, besteak beste.
Mahaiaren bueltan jarrita, bakoitzak kanpamenduetan bizitakoa kontatzen duen bitartean, begiek bestelako kolorea hartzen diete; begirada aldatzen zaie. Hango errealitatea ezagutu zutenetik, tarteka, burua hara joaten zaie, eta hori atzeman egiten da. Barruko zera horrek, hain zuzen ere, eraman ditu elkartzera eta elkartea sortzera. Eta elkartasuna bidelagun, mugak gainditzeko prest daude.