Bermeoko alkatea auzoetako bizilagunekin batuko da bihar
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek Bermeoko Udalaren kudeaketaren berri eman nahi die herriko auzoetako bizilagunei. Horregatik, agerraldi bat antolatu du biharko. Almikako aterpetxean izango da, 19:00etan.Almikako agerraldian udalaren kudeaketaz ariko...
Almikako agerraldian udalaren kudeaketaz ariko da alkatea, martxan jarri diren proiektuen berri emango die bertaratutakoei, eta etorkizunari begira egin beharreko proiektuez ere ariko dela azaldu dute udal ordezkariek.
Alkateak azalpenak eman ondoren, auzoetako bizilagunek euren iritziak plazaratzeko eta galderak eta kezkak adierazteko aukera edukiko dute. Jakinarazi dutenez, udal gobernuko kideek herritarrek egindako galderei erantzuna ematen saiatuko dira. Hala, auzotar guztiak gonbidatu gura dituzte agerraldian parte hartzera, «Bermeo, gure herria, danon artean eraikitzeko».
Batzarra alkateekin
Bestalde, Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordea eta zerbitzuetako zinegotzia, Amaia Elorza Lurgintza zinegotzia, Urdaibai Patronatuko arkitektoa eta Bermeoko Udaleko arkitektoa Bermeoko auzoetako auzo alkateekin batzartu direla azaldu du udalak.
Elorzak azaldu duenez, batzar horretan hainbat gai landu zituzten auzo alkateekin, eta, era berean, horien «iritziak, zalantzak eta ekarpenak» ezagutzeko aukera eduki zuten.
Aipatu batzarrean honakoak jorratu zituztela esan dute: Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana.
Modu horretan, udal arkitektoak landa eremuan Eusko Jaurlaritzak araututako Eraikinen Ikuskaritza Teknikoari (EIT) buruzko azalpenak eman zituen. Auzoetako eraikinek EIT egiteko beharra daukatela gogorarazi zien, eta horretarako dagoen egutegiaren berri eman zien auzo alkateei.
Urdaibai Patronatuko arkitektoak, bestalde, eraikinei dagokienez, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak daukan eragina azaldu zuen batzarrean.
Lurgintza zinegotziaren esanetan, «beharrezkoa da auzo alkateen iritziak ezagutzea lehen eskutik, elkarlanean aritzeko aukera ematen baitu».