Hezkuntza publikoko langile askok gaurko grebagaz bat egingo dute
Steilas, ELA eta LAB sindikatuek deitu dute greba. Gutxiengo zerbitzuak eskainiko dituzte bertoko eskola eta haurreskola askotan. Ikasleek biharko deitu dute protestaELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako grebagaz bat egingo dute gaur Lea-Artibai,...
Steilas, ELA eta LAB sindikatuek deitu dute greba. Gutxiengo zerbitzuak eskainiko dituzte bertoko eskola eta haurreskola askotan. Ikasleek biharko deitu dute protesta
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako grebagaz bat egingo dute gaur Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hezkuntza publikoko langile askok. Hain zuzen ere, grebara deitu dituzte irakasle, hezkuntza bereziko hezitzaile, haurreskoletako langile, sukaldari eta garbitzaileak. Bihar, berriz, Hego Euskal Herriko ikasle guztiak daude grebara deituta.Sindikatuek azaldu legez, azken urteotan Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak dioenaren kontrako norantzan kokatu gaituzte. Erabaki horiek hezkuntza «egoera larrian» utzi dutela salatu dute.
«Ezinbestekotzat» jotzen dute «egoerari buelta eman eta hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzea». Modu horretan, hezkuntza sistema berri horren bidean, «nahitaezkoa» iruditzen zaie «hezkuntza publikoan negoziazio kolektibo eskubidea berreskuratu eta lan baldintzak nabarmen hobetzea».
Era berean, ezinbestekoa deritzote «hezkuntza sistema txikitzen, mugatzen eta desarautzen duen LOMCE Euskal Herriko ikastetxeetatik ateratzea, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan horren moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea».
Bertoko ikastetxe eta haurreskola publiko gehienek bat egin dute grebagaz. Modu horretan, hainbat izango dira gaurkoan gutxiengo zerbitzuak eskainiko dituztenak: Busturiko, Ispasterko, Berriatuko, Lekeitioko eta Amorotoko eskolak, Mutrikuko Goizeko Izarrak, Ondarroako Zaldupek, Markina-Xemeingo Bekobentak, Etxebarriko Manuela Zubizarretak eta Aulestiko Urregaraik. Bestalde, Busturiko, Bermeoko, Mundakako, Ibarrangeluko, Barrutiako, Allende Salazarreko, Lekeitioko, Etxebarriko eta Ispasterko haurreskolek egingo dute greba, besteak beste. Gainontzekoetan, irakasle askok bat egingo dute grebagaz.
Sistemari aurre
Ikasle Abertzaleek, bestalde, biharko deitu dituzte grebara ikasleak. «Sistema kapitalista horren baitako hezkuntza ereduak miseriara kondenatzen du langile klasea, hezkuntzaren bidez zapalkuntza sistemak beharrezkoa duen esku lana egituratuz. Sistemak bere biziraupenerako hamaika mekanismo ditu martxan, eta kapitala garatu ahala, hezkuntza bera ere aldatuz doa kapitalari mesede egiteko. Horren adibide ditugu azken urteotan inposatu dizkiguten erreformak: erreforma horiek ez dira ikasleon mesedetarako, eta hauen atzean interes ekonomikoak besterik ez daude. Ezin dugu ahaztu ere aurtengo ikasturtean bukatzen dela LOMCEren aplikazioa, azken fase horren erakusleiho ditugularik errebalida ezagunak», azaldu dute Ikasle Abertzaleek.
Urte luzeak daramatzate «hezkuntza eredu propio baten aldeko borrokan», horregatik, bihar, ikasleek ere kalea hartuko dute, «unibertsitate eredua eta LOMCE eta haren baitako errebalidak jo puntuan jarrita».
Hala, Hego Euskal Herriko ikasleei dei egin die ikastetxeak, unibertsitateak eta kaleak hartzera atera daitezen, aurten inposatuko dizkieten errebalidei aurka egiteko, eta «sistemari berari hortzak erakusteko».