Gernika RTk 39-26 galdu du Hernaniren kontra, Landare-Tokin
Urtarrilaren 22an bertan behera geratu zen 14. jardunaldiko partida jokatu zuten Gernika RTk eta Hernanik domekan, Landare-Tokin. 39-26 nagusitu zen etxeko taldea. Bi taldeak garaipen gosez zelairatu ziren, baina etxeko taldeak partida hasiera izugarri...
Bigarren minutuan entsegua egin, eta transformatu ez zutenez, 5-0 jarri zen aurretik markagailuan. Hala ere, basurdeak arriskua sortzen hasi ziren, eta markagailua berdintzeko zorian egon ziren. Baina 20. minutura arte 5-0ko markagailuagaz mantendu ziren, eta talde lan sendo bategaz, Joaquin Palisak berdindu zuen markagailua.
Hurrengo minutuetan hernaniarrak entsegua lortzeko ahaleginean aritu ziren, eta jokaldi bikain batean entsegua egitea lortu zuten. Gainera, hirugarren entsegua ere berehala egin zuten.
Ahalegindu arren, talde gernikarrak ez zuen zorte handirik eduki, eta 19-5ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi zen; etxeko taldeak estu hartu zuen Gernika RT. Bigarren zatia hasi eta 4 minutura, Hernanik bere laugarren entsegua egin zuen. Gernikarrek ez zuten etsi, eta egindako lanaren fruitua heldu zitzaien. Jokaldi azkar batean, Olaetak Ortizi pasea eman, eta hark egin zuen taldearen bigarren entsegua.
Gero, zigor kolpe bati esker, hernaniarrek beste 3 puntu eskuratu zituzten. Baina Pichlerrek entsegua egin, transformatu eta markagailuan hamar puntuko aldeagaz jarri ziren: 29-19.
Etxekoek garaipena ziurtatu guran beste entsegu bat egin eta transformatu zuten (36-19). Hala, basurdeek lortu zuten partidako azken entsegua, Pichlerren jokaldi azkar batean. Hernanik aldea handitu zuen ondoren, zigor kolpe bategaz .