Aldundiak zuhaitzak landatu ditu Bizkaiko Begiratokian, Mendatako umeen laguntzagaz
Basoen Nazioarteko Egunagaz bat eginda, 1,3 hektareako eremu batean landatu zituzten zuhaitzok, Bizkaiko Begiratokian, Mendatako udalerrian. Mendatako eta Ispasterko 30 umek lagundu zuten lan horiek burutzen, eta bertan parte hartu zuten baita Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak eta Lucia Isla Nekazaritzako zuzendariak.
Basoek “gizarte osoari egiten dioten onura” agerian uztea da, batetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua; “bai ingumenari eta baita ekonomiari dagokionez”. Bestetik, ume eta gazteak “basoen kudeaketa iraunkorrak duen garrantziaz” kontzientzia daitezen nahi du.
Hori horrela, Baso Zerbitzuko eta Basalan enpresa publikoko langileen laguntzagaz, 1.400 zughaitz landatzen hasi ziren astelehenean Mendata eta Ispasterko lehen hezkuntzako haurrak. Espezie askotariko aleak landatu zituzten; hala nola, artea, gurbitza, erramua, gorostia, elorria, sagarrondo eta udareondo basatia, erratza… Hala, horien bitartez, artadi kantauriar erako basoa sortu nahi da.
Baso-ezpala lortzeko erakustaldia
Zuhaitzak landatzea baino gehiago izan zen Oiz mendiaren magalean egindakoa. Nazio Batuen Batzar Nagusiak basoen eta energiaren arteko lotura nabarmendu gura izan zuen Basoen Nazioarte Egunean, eta, hori dela eta, aldundiak erakustaldi bat egin nahi izan zuen Bizkaiko Begiratokian, besteak beste, bertaratutakoei erakusteko eta azaltzeko nola lortzen den baso-ezpala, alegia, “beroa ematen duten galdaren bitartez energia termikoa sortzen erabiltzen den azpiproduktu bat”.
Ispasterko Udalak, esaterako, teknika hori erabilia du zenbait udal-instalazioetan berokuntza-sistema aprobetxatzeko; hala, horien esperientziaren berri eman zuten landaketa egunean bertan.
Zuhaitzak landatzearen hasierako ekitaldi hori, baina, “egitasmo handiago” baten parte dela azaldu du aldundiak; izan ere, eskuratutako 13,8 hektareak landatzeko asmoa dauka. Behatokiaren inguruko lur horiek erosita, horien balioa ezagutarazi nahi du, bertan espezie autoktonoak landatuz. Halaber, landatuko dituzten horiek ez dutela ikuspegia kaltetuko azaldu du aldundiak, “ez baitira tamaina handikoak”. Hala, “erreferentziazko erakargarri turistikoa” den gune horretan, 21.395 euroko inbertsioa egin duela jakinarazi du aldundiak.