XXIII. Ipuin lehiaketa antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak
Herriko umeen artean irakurzaletasuna, euskara eta irudimena sustatu gura ditu udalak, eta, beste behin ere, ipuin lehiaketan parte hartzeko aukera emango die 7 urtetik 12 urtera arteko herritarrei.
Ume horiek guztiek, hala ere, kategoriatan banatuta parte hartuko dute: lehenengo mailan 2010. urtean jaiotakoek parte hartuko dute; bigarren eta hirugarrenean, berriz, 2009 eta 2008 urteetan jaiotakoek; laugarren mailan 2007an jaiotakoek, eta bosgarren eta seigarrenean, azkenik, 2006 eta 2005 urteetan jaiotakoek.
Eginbeharrekoak ere kategoriaka banatuko dituzte: hala, lehenengo mailakoek, esaterako, gehienez, orrialde bat –marrazkia barne– egin beharko dute; bigarrenekoek eta hirugarrenekoek, gehienez, bi orrialde –marrazkia barne– eta laugarrenekoek bi orrialde eta marrazkia aurkeztu beharko dituzte. Aipatu kategoria horietako parte hartzaileek ezingo dute ordenagilu bidezko idatzirik egin. Bosgarren eta seigarren mailetakoek, berriz, posible izango dute beraien lanak ordenagailuz egitea. Bateko zein bestekoek gai librea izango dute, eta euskaraz idatzi beharko dute.
Aurkezteko epea
Kategoria batean zein bestean parte hartzen dutenek apirilaren 24a izango dute lanak aurkezteko azken eguna. Eta egun hori ailegatu bitartean, Aretxederreta Kultur Etxean –17:00etatik 20:30era– edota Montorre eskolan aurkeztu beharko dituzte lanok.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lan horiek gutunazal handi eta itxi batean aurkeztu beharko dituzte, adina eta ipuinaren izenburua zehaztuta. Barruan, joan beharko dira, aldiz, ipuinarekin izenburua eta horregaz batera, egilearen datuak (izen-abizenaki, adina, helbidea eta telefonoa).
Hala, udalak jasotzen dituen ipuin guzti horien artean, onenak aukeratuko dituzte, eta kategoria bakoitzeko irabazleak sarituko dituzteapirilaren 28an, 17:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean. Egun horretan, gainera, parte hartzaile guztiek merienda izango dute aukeran.
Saridunak aukeratzeko, hain zuzen, irudimena, sormena eta aurkezteko modua hartuko dituztela kontutan jakinarazi du udalak.
“Harro gaude gure herriko neska-mutilen sormenagaz, urtetik urtera horrela erakusten digute lehiaketa horretan aurkezten dituzten balio handiko lan literarioetan. Gure kultura egiten duten ekarpena berau kontserbatzeko funtsezkoa da, eta baita euskara eta kultur sormena sustatzeko tresna berriak sortzeko ere”, adierazi du herriko alkate Juan Felix Naberanek.