Sukarrietako Udalak San Antonio enklabea bere udalerriaren baitan kontserbatzeko legezkotasun historikoan sinisten du. Era berean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak azaroaren 23an emandako
autoan «irregulartasunak» daudela uste du. Horregatik,
berraztertze errekurtsoa jarri zuten, baina
ezeztatu egin dute. Orain,
osoko bilkuran onartu dute Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa aurkeztea.
San Antonio, Atxarretik ikusita
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken autoa bete aldera, Bizkaiko Foru Aldundiak proposamen berria aurkeztu zuen joan den hilabetean, eta Bizkaiko Batzar Nagusiei aurkeztutako proposamenak Busturiri emango lioke San Antonio enklabe guztia. Azken autoan bi prozedura bereizten zituztela azaldu zuten aldundikoek: «Enklabea inguratzen duen udalerriaren esku geratzen bada (Busturia), Bizkaiko udal mugarteei buruzko 8/1993 Foru Araua ezarri behar diote; enklabea banatzeko hasierako proposamenari eusten bazaio, berriz, 9/2012 Foru Araua da ezarri beharrekoa, eta, ondorioz, beharrezkoa da udalerri bien arteko adostasuna».
Hortaz, funtsean aukera bakarra zegoela esan zuten: «Inguratzen duen udalerriaren esku uztea enklabe osoa, ez baitago adostasunik aldundiak 2016ko martxoan egindako proposamenean».
Udalerriaren jatorria. Sukarrietako Udalak, hala ere,
«lurraldearen osotasuna defendatzen» jarraituko du, «arauzko bide guztiak erabilita», azaldu dute udal ordezkariek. Auzitegi Goreneko kasazio errekurtsoa «Abiña auzoak, San Antonio modura ezagutzen dena, Sukarrietarako daukan garrantzian eta esanahi historikoan oinarritzen da». Diotenez, aldundiaren proposamena onartzen baldin bada, Sukarrietari kenduko diote XVIII. mendera arte osoko bilkurak egiten ziren lekua, bere jatorrizko parrokia, jatorrizko hilerriaren aztarnak… «Azken batean, Sukarrieta jatorri, historia eta arima barik utziko dute», diote.
Sukarrietako Udalak hasieratik defendatu du «San Antonio ez dela enklabea, besteak beste, kostaldetik jarraikortasuna dagoelako Busturiak XX. mende osoan aitortutako mugarriekin».
Hortaz,
udalak gauzak betiko modura jarraitzearen alde lan egin du, hau da, Abiña udalerriarena izaten jarraitzearen alde. Sukarrietako alkate Erruki Goirienak azaldutakoaren arabera, «erakunde guztienganako leialtasunez jokatu dugu gure lurraldearen osotasunaren defentsan irmo, eta horrela egiten jarraituko dugu. Era berean, udalerria edota bertako bizilagunak kaltetuko lituzketen edozein irtenbide auzitegietara eroateko prest gaude. Hori da gure betebeharra eta gure uste sendoa».