Euskararen erabilerari buelta ematea gizartearen ardura da, udalaren ustez
Hizkuntza erabileraren kale neurketa egin du Bermeok, eta joan den astean aurkeztu zituzten emaitzak. Soziolinguistika Klusterrak egin du aipatu neurketa, eta datuen arabera, euskararen kale erabilerak behera jarraitzen du Bermeon.Bermeoko Udaleko eusk...
Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren ustez, euskara ez da ez udalarena, ez Bizkaiko Foru Aldundiarena, ez eta Eusko Jaurlaritzarena ere, herritar guztiena da. «Hortaz, euskararen erabileraren beheranzko joerari buelta emateko, herri osoaren inplikazioa beharrezkoa da. Gizarte mailako erantzukina, inplikazioa eta mugimendua beharrezkoa dira joerari buelta emateko».
2016ko irailean, 6.353 bermeotarren hizkuntzen erabilera neurtu zen. Kale neurketaren bidez jaso diren elkarrizketatik atera diren datu orokorrak honakoak izan dira: elkarrizketen %33,6 euskaraz izan dira, %63,6 gazteleraz eta %2,8 beste hizkuntza batzuetan. 2011ko kale neurketagaz alderatuta, Bermeon euskararen erabilera hiru puntu jaitsi da azkenengo bost urteetan.
Euskara hautatu
Euskararen ezagutza, berriz, altua dela diote, 10etik 7k euskaraz daki, eta bik ulertu egiten dute. «Ezagutzari dagokionez, kopuru handienetan mugitzen gara, arazoa, beraz, beste nonbait dago», esan du Agirrek. Erronka euskaldunak euskaldunekin euskaraz egitea dela esan dute, bai eta kontsumitzerako orduan euskara hautatzea ere, «gaur egun, hautatu egin behar delako», esan du euskara teknikari Maite Alvarezek.
Euskara teknikariak azpimarratu duenez, «datu horiek kalean momentu eta ibilbide zehatz batzuetan entzundakoa erakusten digute, horrek ez du esan nahi bermeotarren hizkera hori dela. Hori jakiteko, azterketa sakonagoak egin behar dira, eta beste faktore asko kontuan hartu behar dira, eta, udala, egoeraz jabetuta, horretan ari da lanean». Hala, Uemagaz lanean ari direla gaineratu dute: «Hizkuntza plangintzan lan egiten gabiltza, bai eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreak aztertzen ere, adin ezberdinetako herritarrekin».
Hausnarketa
Horrez gain, aurten, hurrengo lau urteetarako euskararen plan estrategikoa egingo dutela azaldu du euskara zinegotziak, eta horretarako azken urteetan egindakoa aztertu beharko dutela jakinarazi du.
Alvarezek, bestalde, hausnarketa egitea «beharrezkoa» dela esan du , «gehiago sakondu beharra daukagu zer gertatzen ari den jakiteko eta lehentasunak finkatzeko».
Euskararen erabileraren jaitsieraren faktoreak «prestigioa, kontzientzia falta eta axolagabetasuna» izan daitezkeela ondorioztatu zuten euskararen plan estrategikoa lantzen ibili zen lan taldeak.