ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako grebagaz bat egingo dute bihar hezkuntza publikoko langile asko eta askok asko eta askok. Hain zuzen ere, grebara deitu dituzte irakasle, hezkuntza bereziko hezitzaileak, haurreskoletako langileak, sukaldari eta garbitzaileak. Etzi berriz, Hego Euskal Herriko ikasle guztiak daude grebara deituta.
Gernika BHIko irakasle eta irakasleak LOMCEren aurkako protesta batean, iaz
Sindikatuek azaldu legez, «azken urteotan Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak dioenaren kontrako norantzan kokatu gaituzte». Erabaki horiek guztiek hezkuntza «egoera larrian» utzi dutela salatu dute, eta horregatik greba deitu dute biharko.
Sindikatuek «ezinbestekotzat» jotzen dute «egoerari buelta eman eta hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzea». Modu horretan, hezkuntza sistema berri horren bidean «nahitaezkoa» da euren ustez, «hezkuntza publikoan negoziazio kolektibo eskubidea berreskuratu eta lan baldintzak nabarmen hobetzea».
LOMCE. Era berean, «ezinbestekoa» deritzote «hezkuntza sistema txikitzen, erabat mugatzen eta desarautzen duen LOMCE Euskal Herriko ikastetxeetatik ateratzea eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea».
Hainbat izango dira bihar gutxiengo zerbitzuak eskainiko dituzten eskola eta haurreskolak: Busturiko eskola eta Busturiko, Bermeoko, Mundakako, Ibarrangeluko, Barrutiako eta Allende Salazarreko haurreskolak, besteak beste. Gainontzeko eskola, haurreskola eta instutuko irakasle askok ere, bat egingo dute grebagaz.
Eskatzen dituzten neurriak:
- Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hezkuntza publikoko plantilak, gutxienez, 2.000 langiletan handitzea, eta Nafarroan, berriz, 900 langiletan.
- Bataz beste, ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan) %6ra murriztu. Horrela, Nafarroan 1.800 lanpostutik gora egonkortuko lirateke eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 6.000tik gora (kolektibo ezberdinetan).
- Gelako bakoitzeko ikasleen kopurua %10 murriztu.
- Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu.
- Ordezkapenak lehenengo egunetik egitea.
- Bajak bere osotasunean ordaintzeko eskaera, «gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz».
- Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu.
Etzi ikasleen txanda. Ikaslee abertzaleek, bestalde, etzirako deitu dituzte grebara ikasleak. «Sistema kapitalista honen baitako hezkuntza ereduak miseriara kondenatzen du langile klasea, hezkuntzaren bidez zapalkuntza sistemak beharrezkoa duen esku lana egituratuz. Sistemak bere biziraupenerako hamaika mekanismo ditu martxan, eta, kapitala garatu ahala, hezkuntza bera ere aldatuz doa kapitalari mesede egiteko. Horren adibide ditugu azken urteotan inposatu dizkiguten erreformak: erreforma horiek, ez dira ikasleon mesedetarako, eta hauen atzean interes ekonomikoak besterik ez daude. Ezin dugu ahaztu ere aurtengo ikasturtean bukatzen dela LOMCEren aplikazioa, azken fase honen erakusleiho ditugularik errebalida ezagunak», azaldu dute ikasle abertzaleek.
Diotenez, urte luzeak daramatzate «hezkuntza eredu propio baten aldeko borrokan», horregatik, etzi, ikasleek ere kalea hartuko dute, «unibertsitate eredu hau eta LOMCE eta honen baitako errebalidak jo puntuan jarrita». Hala, Hego Euskal Herriko ikasleei dei egin die «ikastetxeak, unibertsitateak eta kaleak hartzera atera daitezen, aurten inposatuko dizkiguten errebalidei aurka egiteko, eta sistemari berari hortzak erakusteko».