Kontzertu didaktikoa egongo da bihar, Uhagonen
Emanaldia Juan Mari Beltran musikariak gidatuko du, eta doan izango da. Gaur egun hain ezagunak ez diren musika tresnak ezagutzeko aukera egongo daEuskal Herriko kantu, doinu, dantza eta soinu tresnen hotsen bitartez, Euskal Herriko musikaren alderdi e...
Emanaldia Juan Mari Beltran musikariak gidatuko du, eta doan izango da. Gaur egun hain ezagunak ez diren musika tresnak ezagutzeko aukera egongo da
Euskal Herriko kantu, doinu, dantza eta soinu tresnen hotsen bitartez, Euskal Herriko musikaren alderdi ezberdinak ezagutzeko aukera egongo da bihar, 18:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko erakusketa gelan. Saioa Juan Mari Beltran musikari, ikertzaile eta irakasleak gidatuko du, eta hari laguntzen egongo dira Ander Barrenetxea (txalaparta eta perkusioa) eta Errege Belda (akordeoia).Aurreratu dutenez, adarrekin eta txalapartagaz hasiko dute saioa, eta garai bateko artaxuriketako kanta eta dantzak arrabita rabela musika tresnagaz eta kale eta erromerietan entzuten zen zarrabetea musika tresnagaz ere interpretatuko dituzte. Ondoren, Zuberoako bi inguruetako musika erakutsiko dute: mendiko Txanbela soinu-tresnaren errepertorioko artzainen antzinako doinu librea eta Xirula eta ttunttunaren plazako dantzak.
Kontzertu didaktikoaren protagonistak izango dira baita ere baserri giroan jotzen ziren tronpa edo musukitarra, txistua eta danbolina eta alboka.
Emanaldia Euskal Herriko Musika Bulegoak lagunduta egingo da, eta publiko guztiari zuzenduta dago. Horrez gain, ikuskizuna doan izango dela ere jakitera eman dute.