EH Bilduk egin du eskaera, eta alderdi gehienak alde agertu dira. Batzordeak Espetxe Zuzendaritzari bideratuko dio preso ondarrutarra bisitatzeko eskaera, eta hark edukiko du azken hitzaEusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kideek Alcala Mec...
EH Bilduk egin du eskaera, eta alderdi gehienak alde agertu dira. Batzordeak Espetxe Zuzendaritzari bideratuko dio preso ondarrutarra bisitatzeko eskaera, eta hark edukiko du azken hitza
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kideek Alcala Mecoko espetxean (Madril, Espainia) Ibon Iparragirre preso ondarrutarra bisitatzeko asmoa agertu dute. Azaldu dutenez, larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarraren osasun egoera eta kartzela bateraezinak diren edo ez egiaztatuko dute.Legebiltzarreko batzorde horretako kideek preso ondarrutarra bisitatzeko eskaera EH Bilduk egin zuen; EAJk, Elkarrekin Ahal Duguk eta PSEk eskaria babestu zuten. Batzordeak, orain, Espainiako Espetxe Zuzendaritzari bideratuko dio eskaera. Eta azken horrek erabaki beharko du onartu edo ez.
EH Bilduk eskaera egin zuenean esan zuen Iparragirrek bere gaixotasuna dela-eta lesio neurologikoak eduki dituela. Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak esan du batzordeak eskaera onartu izana «albiste ona» dela. «Albiste ona da baita ere PP izatea eskaera horren aurka agertu den alderdi bakarra». Arzuagak esan du, baita ere, Iparragirrek eta larriki gaixorik dauden gainontzeko presoek kalean egon beharko luketela.
Bestalde, larriki gaixorik dauden presoek bizi duten egoera dela eta, Arnaldo Otegi, Jasone Agirre eta Josu Unanue EH Bilduren ordezkariak preso horien senideekin bildu ziren eguaztenean. Bilera horretan, baita ere, mahai gainean ipini zuten Espainiako Gobernuak larriki gaixorik dauden presoak ahalik-eta gehien espetxean mantentzeko hartutako erabakia; bileran egon zen Angelita Burgoa Ibon Iparragirreren ama.
Espetxe politika, jomugan
Bilera egin eta gero, Agirrek esan zuen larriki gaixorik dauden presoak hiltzen ari direla, eta ez dagoela denborarik. «Gobernuari ez zaio bestelako onurarik eskatzen; eskatzen zaion gauza bakarra da legea betearaztea».
Larriki gaixorik dauden presoak «berehala» etxera ekartzeko «urgentzia» dagoela esan, eta Madrilgo Gobernuaren espetxe politika «gogor» kritikatu zuen Agirrek. «Bakea lortzeko espetxe politika aldatu egin behar da. Eta horretarako, ezinbestekoa da presoak kartzeletatik ateratzeko dinamikak aktibatzea».