Gure Esku Dago-k askotariko ekintzak egingo ditu asteburuan, eskualdean
Maiatzaren 7rako galdera erabakitzen eta grabaketak egiten jarraituko du Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k asteburuan. Mendexan, Lekeition eta Ondarroan herritarrak batu, eta Zubien ekimenaren bideokliparen grabaketa egingo dute. Galdera adosteko batzarra...
Martxoaren 11n hasi ziren galdera zehazten Lekeition. Bost galdera erabaki zituzten bileran elkartu ziren 30 lagunen artean, eta haietako bat aukeratuko dute martxoaren 25ean 11:00etan kultur etxean egingo duten batzarrean. Herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete Lekeitioko GED dinamikako kideek, «denen artean galdera adosteko». Asteburu honetarako ere deialdi zabala luzatu diete herritarrei. Izan ere, domekan Karraspiora bidean dagoen zubian elkartu eta zubien ekimena grabatuko dute. Batzeko ordua 11:00etan jarri dute, zubian bertan.
Liako zubian elkartuko dira, berriz, Mendexarrak bihar 11:00etan, grabaketa egiteko. Jai giroa izango dute nagusi. Grabaketaren ostean erromeria edukiko dute, eta baserritar jantzita joatea eskatu diete herritarrei. Arratsaldean, bestalde, kafe tertulian, galdera adosteko prozesuari ekingo diote. 18:00etan hasiko da solasaldia udaletxeko ganbaran.
Galdera adosten
Berriatuarrek joan den asteko domekan egin zuten zubien ekimena; Giza katea osatu zuten herritarrek. Horrela, grabaketa eginda, galdera adosten hasiko dira. Lehenengo herri batzarra egingo dute gaur, 19:00etan, bideo gelan. Datorren domekan, berriz, kafe tertulia izango dute, 17:00etan, soinketa gelan.
Ondarrutarrek joan den domekan adostu zuten galdera, eta oraingoan zubien ekimena grabatuko dute. Zubi Zaharra aukeratu dute horretarako; 12:30ean batuko dira bertan herritarrak. Grabaketa egin eta gero, ekintza ezberdinak egingo dituzte Itsasaurren, eta txosna ere egongo dela jakinarazi dute.