Eskaintza turistikoa indartuz, Geoparkeak denboraldi berria hasi du
Irteera berriak eskaini eta zaharrak berreskuratu dituzte. Orain arte ez modura, ekintzak Aste Santutik abendura bitartean eskainiko dira. Bisitak «nabarmen» igo direla dioteMutriku, Deba eta Zumaiak osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak denbora...
Irteera berriak eskaini eta zaharrak berreskuratu dituzte. Orain arte ez modura, ekintzak Aste Santutik abendura bitartean eskainiko dira. Bisitak «nabarmen» igo direla diote
Mutriku, Deba eta Zumaiak osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak denboraldi berria aurkeztu du asteon. Besteak beste, aurten, ondare geologiko, natural eta kulturala ezagutzera eman eta horien kontserbazioa sustatze aldera, turismo eskaintza indartu dute. Hala, iaz eskaini zituzten turismo eskaintzei berriak gehitu dizkiete.Orain arte ez modura, aurten, Aste Santuan hasi eta abendura arte, egunero eskainiko dira bisita gidatuak.
Jakitera eman dutenez, esperientzia berriak estreinatu nahi izan dituzte. Eta berritasunen artean daude Flyscha, begirada batean izenburua daukan itsasontzi ibilaldia eta Debako Santa Maria eliza ezagutzeko Gotikoaren altxorra, Deban bisita gidatua. Horiez gain, Mutrikuko hirigune historikoa ezagutzeko Mutriku marinela ibilaldia ere berriro sartu dute programan. «Mutrikuk gure kostaldean ondoen mantentzen den hirigune historikoa dauka», esan dute Geoparkearen ordezkariek.
Aurtengo denboraldia martxoaren hasieran hasi zen, prestatu dituzten ekintzen bitartez, herritarrek Geoparkeak biltzen dituen balio natural, kultural eta geologikoaz gozatzeko aukera edukiko dutela gaineratu dute.
Denboraldiaren aurkezpena Donostian egin zuten. Eta, besteak beste, ondokoak egon ziren: Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Leire Barriuso Geoparkearen arduraduna eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo diputatua.
Guztientzako ekintzak
Itsas ibilaldiek, esaterako, flyscharen itsaslabarrak uretatik ikusteko aukera eskaintzen dutela esan dute. «Oro har, familiartean egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kultural eta ibilbide gastronomikoak eta bestelako planen bila dabiltzanentzako kutsu zientifikoagoa duten esperientzia bereziak ere eskainiko ditugu».
Nabarmendu nahi izan dute 2016an Geoparkea ezagutzera bertaratu ziren eta bisita gidatuetan parte hartu zuten pertsonek agertutako asebetetze maila altua. «Orokorrean, 10etik 8,5eko balorazio eman zieten ekintzei». Balorazio onena jaso duten alderdien artean daude Geoparkeko webgunea eta Geoparkeko giden aldetik jasotako informazioa eta kalitatea. Erreserbak Internet bidez egiteko erraztasuna eta erosotasuna aipatu zituzten».
Aurten, gainera, Geoparkearen webgunea ere eguneratu eta horretan berrikuntzak egin dituztela gaineratu dute. «Bisitariei zerbitzu hobe bat eskaintze aldera, erreserben barne kudeaketa arintzeko eta errazteko beharrezko hobekuntzak egin ditugu».
Hobekuntza gehiago
Diseinu aldetik ere hobekuntzak egin dituztela azaldu dute. «Horiei esker, webguneko bisitariaren esperientzia errazagoa eta positiboagoa izatea nahi izan dugu; erreserba prozesua intuitiboagoa eta errazagoa da orain, eta erabiltzaileek informazioa eskuragarriago dute». Webgunea lau hizkuntzatan kontsultatu ahal da: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.
Erreferente
Euskal Kostaldeko Unescoren Geoparkea ekoturismoaren erreferente dela diote Geoparkeko arduradunek, bai Gipuzkoa mailan eta baita hiru lurraldeen artean ere. «2010az geroztik, Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea ere bada Euskal Kostaldeko Geoparkea. Ordutik, lehen mailako geoturismo eta natura turismo helmuga berritzaile gisa sendotu da».
2015ean lortu zuen Euskal Kostaldeko Geoparkeak Unescoren Munduko Geoparke izendapena. «Orduan, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kulturalak aitortza garrantzitsua lortu zuen».