Erreka bete abentura Ebroko uretan
1986ko Aste Santuan Ondarroako gazte kuadrilla batek Ebro ibaia baltsetan jaitsi zuen, abentura berrien grinagaz; gerora, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak galarazi egin zuen ibaian nabigatzea.Abentura berriak probatzea beste asmo barik ekin zioten on...
1986ko Aste Santuan Ondarroako gazte kuadrilla batek Ebro ibaia baltsetan jaitsi zuen, abentura berrien grinagaz; gerora, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak galarazi egin zuen ibaian nabigatzea.
Abentura berriak probatzea beste asmo barik ekin zioten ondarrutarrek Ebro ibaia baltsetan jaisteko proiektuari. Josu Iztueta tolosarrari hartu zioten ideia, piraguan jaitsia zeukala eta; etapak, ostera, Falangeren udaleku batzuetatik kopiatu zituzten.1986ko Aste Santurako jarri zuten hitzordua. Ohituraz opor egun horiek mendiko trabesiak prestatzera ohituta, erronka berria zen ondarrutarrentzat; desberdina. «Zer egin nahi genuen bagenekien. Zelan, ez», dio Elias Etxaburu abentura hartako parte hartzaileetako batek. Diru laguntzak lortu asmoz, banketxez banketxe joan ziren, baina ez zuten babesik lortu. Ondarroako Udalarena bai, andramarietan antzarren antolakuntzan zeukaten parte hartzea kontuan hartuta. Beste alde batetik, nahiz eta udalak walki-talkiak ere agindu zizkien, azkenean haiek barik joan ziren, udaltzainek horrenbeste denborarako ezin zizkietela utzi eta. Horrenbestez, komunikaziorako oinarrizko gailurik ez zeukaten. Eragozpen horrek ez zituen atzera bota. «Argi geneukan bagindoazela», esan du Juan Olaetxeak. Alokairuan hartutako furgoneta eta armadoreek emandako salbamendu baltsak (bi) eta txalekoak bazituzten; eta gogoa, sobera.
Abentura, martxan
Urolan lau entrenamendu egin ostean heldu zen egun handia. Martxoaren 22a zen Ondarroatik irten eta Miranda de Ebrora abiatu zirenean. Horrela jaso zuten egunerokoan. «Azkenean, heldu gara gure abenturaren abiapuntura: Miranda. ‘Hor dago Ebro!’ Gure artean sekulako espresioak entzun dira. Jaitsi ditugu baltsak, puztu eta errekako uretan ditugu. Hau sentsazioa! Horrenbeste amets egindako unea heldu da».
Aurretik, 800 kilometro Tortosaraino; euretatik 200, furgonetaz, Alforque-Mequinenza arteko urtegiari zegozkionak. 11 lagunek osatzen zuten espedizioa, eta txandaka egin zuten bidea. Batzuk baltsetan jaisten ziren bitartean, besteak furgonetan zihoazen, eta hurrengo egunean, alderantziz. Atseden egun faltan, furgonetan joatea egokitzen zitzaienean berreskuratzen zituzten indarrak. Izan ere, jaisten hasi orduko konturatu ziren zein nekeza zen salbamendu baltsekin ibaitik jaistea eta zein bapezak ziren baltsekin zetozen erramuak. Orokorrean, mantso egiten zuten bidea, tartean-tartean ur azkarrei esker abiadura nabarmen gehitzen zen arren.
Ezusteko ugari
Baldintza logistikoei klimatikoak gehituta, eragozpenak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta sustoren bat edo beste ere bai. Hala, bigarren egunean, Briñas-Cenicero etapan, egoera gogor baten aurrean aurkitu ziren. Baños de Ebrora heldu zirelarik, nahiz eta etapa bertan amaitzeaz berba egin, aurrera egitea erabaki zuten, eta aurreikusi modura Ceniceroraino joatea. Tarte horretan, errekaren azalean etzanda zegoen zuhaitz baten kontra jo zuten. Bateko iluntasuna, besteko haizea, baltsetako batek ezin izan zuen kolpea ekidin, eta irauli egin zen. Barrukoak ozta-ozta irten ziren, eta estu egon ziren denak ondo zeudela ziurtatu zutenerako. Kolpea bikoitza izan zen, hurrengo egunean zalantzan egon baitziren aurrera jarraitu ala ez. Egun hartan, batzuek baltsa bakarrean irten zuten bitartean, besteek korronteak eroandako baltsa berreskuratu eta erramu berriak erosi zituzten. Halere, ez ziren estutasunetatik libratu, baltsan joandakoek argi indarra sortzeko kanal batean sartu eta urak ia eraman baitzituen. «Larri egon ginen, bata arbola bati kolpe eginda eta bestea haren hanketatik», esan du Mikel Odriozolak.
Komunikaziorako arazoak
Elkarren berri ez izatearen arriskuak 11. etapan antzeman zituzten, taldea hiru zatitan banatuta geratu zenean: baltsakoak Alforquen geldituta, eta ez heldu behar ziren herrian, Sastagoran, haizeari aurre ezin eginda zeudelako; eta furgonetakoak, zati bitan; batzuk Sastagoran, besteen zain, eta besteak Madriden, konpontzeko utzita zeukaten furgonetaren bila joanak. Baltsan zihoazenek mozkortuta zegoen guardia zibil bategaz eduki zuten aurrez aurrekoak are gehiago aldrebestu zuen egoera. Inkomunikazio kasuetarako, Ondarroara deitu beharra zegoen, kuadrillako baten etxera, eta hurrengo egunera arte ezin izan ziren elkartu. «Txantxa gutxirako geunden batu ginenean, baina furgonetatik baloia atera, eta arazoa konponduta!», adierazi du Etxaburuk.
Bidean aurkitutakoa
Behin baino ez zuten kanpinean lo egin, hotzegi egiten baitzuen. Furgonetan zihoazenak etapako helmugara aurretik heldu, eta alkateagaz edo zinegotziren bategaz batu, proiektua azaldu eta gaua pasatzeko lekua lortzen zuten. Horrela, kartzelan, elizaren geletan edo kiroldegian lo egitea egokitu zitzaien, eta ohitu egin ziren guardia zibilaren bisitetara. Ez zen ezustekoa, ordea, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak esanda baitzekiten txitean-pitean NA eskatzera joango zitzaizkiela.
14 egunen ostean, eta zaku bete abentura bizi izan ostean, ondarrutarrak Tortosara heldu ziren apirilaren 4an. Bidean, jende eskuzabala aurkitu zuten, eta ez zitzaien lo egiteko lekurik falta izan. Gazteen artean loturak estutu egin ziren, eta oinarrizkoena estimatzen jakin zuten: jatekoa eta lotarako tokia.
Hurrengo urtean abentura errepikatu nahi izan zuten kanpezuar batzuek esanda jakin zutenez, ordura arte ez modura, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak galarazi egin zuen Ebron nabigatzea, leku zehatz batzuen salbuespenagaz.