Bizkaiko taldekako kanporaketa jokatuko da Markina-Xemeinen
Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketaren kanporaketa jokatuko da bihar, Markina-Xemeinen. Akerbeltzen antxumak (Markina-Xemein), Leioara begira (Leioa) eta Otsoko (Busturialdea) taldeak ariko dira zein baino zein gehiago.Herriko bi gunetan burutuko ...
Herriko bi gunetan burutuko dira saioak. 19:30ean izango da lehen saioa, Buztarri tabernan, eta bertan Leioara begira eta Otsoko neurtuko dira, Markina-Xemeingo taldeak aurkezpen lanak egingo dituelarik.
21:00etan afaria egingo da, Akerbeltz Gaztetxean, eta horren ostean egingo dira bigarren eta hirugarren saioak, Gaztetxean bertan.
Bigarren saioan Busturialdeko Otsokok eta Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak egingo dute bertsotan. Hirugarren saioan, berriz, Akerbeltzen antxumak eta Leioara begirako bertsolariak aterako dira gaztetxeko oholtzara.
Talde antolatzaileak egindako ariketen proposamena jarraituko dute. Horrela, agurra, zortziko nagusian, lau oinak emanda eta azkena emanda, zortziko txikian, bakarka, Potokumeak, puntu erantzunak eta taldean puntuka egin beharko dute bertsolariek. Azken agurra ere puntuagarria izango da.
Ondarroa kanpoan
Guztira 30 talde daude lehenengo txapelketa honetan, hau da, 200 parte hartzailetik gora. Egiturari dagokionez, kanporaketa bakoitzean hiru taldek hartuko dute parte, eta bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.
Txapelektak fase bi eta finala izango ditu. Lehenego fasea Aste Santu bitarte izango da, eta bigarrena Aste Santu ostean. Finala ekainaren 3an izango da.
Epaileek izango dute erabakia, baina, bai eta publikoak ere. %50ean dauka zeresana bakoitak. Hala ere, bata eta bestearen artean ezadostasuna balego epaileen erabakia gailenduko litzateke.
Joan den barikuan jokatu zen Ondarroan, Bizkaiko Taldekakoaren lehen kanporaketa Ondarroako Arri eta Botx bertsutan, Zornotzako Etabarrak eta Abadiñoko Koipelustre´s taldeen artean. Azken horrek irabazi zuen kanporaketa, eta beraz, hurrengo fasera sailkatu da. Ondarroako Arri eta Botx bertsutan taldea, berriz, txapelketatik kanpo geratu da.
Ondarroako hiru gunetan egin ziren saioak: Anaitasuna tabernan, Gaztetxean eta Bekozinin.