Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileraren kale neurketa egin du Bermeon, eta azterketa horren emaitzak ezagutzera eman dituzte asteon. Belen Uranga (Zumaia, 1961) Soziolinguistika Klusterreko teknikaria egon zen eguaztenean Bermeon, herritarren aurrean azken emaitzen berri ematen.
Belen Uranga
Bost urtean behin egiten da kale neurketa, aurreko datuekin alderatuta, hobera ala txarrera joan al da Bermeon euskararen erabilera?
Soziolinguistika Klusterrak hiru aldiz egin ditu euskararen kale-erabileraren neurketak (2006an, 2011n eta 2016an), baina, bilakaera aztertzeko, soilik azken biak hartu ditugu kontuan, nahiko sendoak baitira emaitzen ikuspegitik. Bi neurketa horiek kontuan hartuta, beraz, ikus daiteke hiru puntuko jaitsiera gertatu dela Bermeoko euskararen kale erabileran: 2011. urtean %36,6 zen datu orokorra, eta %33,6koa izan da 2016an. Atalez atal ñabardurak dauden arren, oro har, udalerriko kaleetan erabilerak zerbait behera egin du.
Datuek kezkatzeko arrazoiak erakusten dituzte, hortaz.
Jakina, helburua euskararen erabileran aurrera egitea baldin bada, 2016ko datuak ez dira pozgarriak, arretaz hartzekoak baizik. 2011n eginiko neurketan jadanik baieztatu zen lehendik ezagutzen genuen joera; alegia, Bermeo bezalako herri oso euskaldun honetan, aurreikusi zitekeena baino dezente gutxiago hitz egiten zela euskaraz. Orduan, jada, kezkaz hartu ziren datuak. Bost urte igaro eta gero, beheranzko joera hori baieztatu egin da. Hala ere, datuok ez dute Bermeoko euskararen egoeraren diagnosi osoa egiten, eta, beraz, eskura egon daitezkeen gainerako datuekin azterketa egiteko baliatu beharko litzateke. Ahal izanez gero, hurbilagotik hartutako ikerketa kualitatiboak abian jarri, benetan gertatzen dena aztertu, arrazoiak bilatu eta, ahal izanez gero, joerari itzulia ematen saiatu beharko litzateke. Beraz, erronka moduan planteatzea ere ez legoke gaizki.
Herriko ibilbide desberdinetan portaerak ez direla berdinak. Esate baterako, Bermeoko eskola inguruko ibilbidean euskara gehiago erabiltzen da gainerakoetan baino, inguru horretan elkarrizketen %39,3 izan baita euskaraz, balio orokorretik (%33,6) sei puntu gorago.
Umeak, gazteak, helduak…zeinek egiten du euskara gehiago?
Egindako neurketaren arabera, adineko pertsonak (65 urtetik gorakoak) dira euskaraz gehien egiten dutenak Bermeon, euren arteko elkarrizketetako %52a izan baita euskaraz. Ondoren, 14 urte bitarteko haurrak dira gehien hitz egiten dutenak (%36,3). Helduak (25-64 bitarteko lagunak) %27,8an egin dute euskaraz, eta nabarmentzekoa da euskaraz gutxien hitz egiten dutenak Bermeon 15 eta 24 urte bitarteko gazteak direla; euren arteko elkarrizketetatik %14,8 izan dira euskaraz.
Zein esparrutan erabiltzen da euskara gehiago?
Hizkuntzen kaleko erabilerak kalean entzuten den erabilera neurtzen du soilik, beraz, bat-bateko ahozko erabilera neurtzen du. Kontuan izan behar da kalean gertatzen direla, gehienetan modu informalean, pertsonen arteko harreman naturalenak: familian, lagun artean edo bestelako harreman informaleko sareetan gertatzen direnak. Egia da kalean aurretiazko harremanik gabeko ahozko komunikazioak ere gertatzen direla, baina, ziur asko, horiek gutxienak izango dira. Horrela, esan daiteke, kalean gertatzen diren elkarrizketak bertan daudenen arteko harreman-sareen hizkuntzaren ispilu direla. Hori esanda, ezin dugu ikerketa honen bitartez soilik, gainerako esparruetan gertatzen denaren inguruko alderaketarik egin. Baina ikus daiteke, adibidez, herriko ibilbide desberdinetan portaerak ez direla berdinak. Esate baterako, Bermeoko eskola inguruko ibilbidean euskara gehiago erabiltzen da gainerakoetan baino, inguru horretan elkarrizketen %39,3 izan baita euskaraz, balio orokorretik (%33,6) sei puntu gorago. Gertakari horrek nahiko logikoa dirudi, bertan eskolaren eragina sentitzen delako eta inguruak markatzen duelako euskararenganako joera indartsuago hori. Hau da, bertan dabiltzanak, eskolaren inguruko joan-etorrian, euskara erabiltzeko nolabaiteko bultzada handiagoa dute.
Sakoneko arrazoiak ulertzeko ez da nahikoa hemen egin den behaketa. Ikerketa honek argazkia ateratzen du, baina fenomenoa ulertzeko beharrezkoa da hurbilagotik egindako azterketa kualitatiboak egitea.
Ume bat badago, umeari euskaraz egiteko joera dagoela esaten da. Egia al da?
Bai, Euskal Herrian, oro har, hizkuntza portaerak aldatu egiten dira umeak inguruan daudenean. Pertsona nagusiek gehiago hitz egiten dute euskaraz, oro har, haurrak inguruan daudenean edo haiekin hizketan ari direnean. Haurrek ere, sarri (baina ez beti) euskara gehiago erabiltzen dute pertsona nagusiekin daudenean. Bermeon, nabarmentzekoa da euskaraz gutxien erabiltzen dituzten taldeak haurrez soilik osatutako taldeak direla: %16,8 izan dira euskarazko elkarrizketak talde horietan. Nagusiak bakarrik daudenean laurden batean euskaraz hitz egiten entzun ditugu (%25,1). Aldiz, talde mistoetan %52,5era igotzen da euskararen erabilera. Beraz, garbi ikusi da eragin nabarmena duela haurrak nagusiekin egoteak. Hurbilagotik begiratzen badiogu, gainera, talde horietan hizketan ari dena zein den bereizi dezakegu. Haurra denean hitz egiten ari dena, % 61ean egiten du euskaraz. Beraz, itzelezko eragina du haurrengan pertsona nagusiekin egoteak. Nagusien kasuan, hamar puntu igotzen da euskararen erabilera haurrekin daudenean. Esan bezala, oso kontuan izatekoa da haur eta nagusien arteko elkar eragina, horrek euskararen aldeko nolabaiteko bultzada adierazten duelako.
Gaur egun, ume eta gazteak euskaraz alfabetatzen dira. Euren artean, euskaraz egiten dute? Hala ez bada, zein izan daiteke arrazoia?
Bermeon, hamar haurretatik bederatzi euskaldunak dira, eta beste zazpik, gutxienez, euskara ulertzen dute. Datuek erakutsi dute eurak bakarrik daudenean hamarretik batek edo bik egiten dutela soilik euskaraz. Beraz, argi ikusi da joera gazteleraz hitz egitea dela. Sakoneko arrazoiak ulertzeko ez da nahikoa hemen egin den behaketa. Ikerketa honek argazkia ateratzen du, baina fenomenoa ulertzeko beharrezkoa da hurbilagotik egindako azterketa kualitatiboak egitea.
Zein puntura arte da erreala kalean egiten den neurketa?
Ikerketa honek irailean gertatutakoa jasotzen du, beraz, udalerrian benetan gertatu dena jaso du. Emaitza udalerriaren errealitatera estrapolatzeko, estatistikoki duen akats-tartea kalkulatzen da, eta jasotako laginaren arabera, fidagarritasuna %95ean kokatzen da. Beraz, esan daiteke emaitzaren fidagarritasuna oso altua dela.
Mota horretako azterketek ze helburu daukate?
Ikerketa hauek herriko kaleetan dabiltzanen hizkuntza erabileraren argazkia egiten dute, udalerriko biztanleen euskararen erabileraren alderdi bat erakusten dute. Diagnosi zehatzagoa egiteko ezinbestekoa da beste ikerketa batzuek eskaintzen dituzten datuekin alderatzea.