«Aberasgarria» izan da Lurgorriko lehen batzar irekia
Lurgorri auzo kultur elkarteak prozesu parte hartzailea hasi du, eta dagoeneko egin dute lehen batzar irekia. Era positiboan baloratu dute hitzordua, «batetik, jende berria agertu zelako, eta, bestetik, adin ezberdineko jendea elkartu zelako».Kultur ...
Kultur elkartearen helburua auzotarren beharrizanei irtenbidea ematea eta auzoari bizitasuna ematea da. Horretarako, baina, biltzeko gune baten beharra ikusi zuen auzo elkarteak, eta Lurgorriko eskola horretarako aproposa dela deritzote. Eta baita, ume eta gazteak bertan batzeko ere.
Hala, prozesu parte hartzailearen baitan egindako lehen batzar horretan, eskolako eraikinari buruzko «ideia eta proposamen aberasgarriak» jaso dituz- tela azaldu du elkarteak; «Hala nola, xakera jokatzen erakusteko prest agertu zen bertaratuetako bat, estazio metereologiko bat muntatzeko prestutasuna erakutsi zuen beste batek…». Halaber, sukaldaritzari, josteari, ipuinak kontatzeari, liburu trukaketari, jakintza trukeari eta beste hainbat gaiei buruzko proposamenak ere egin zituzten bertaratutakoek.
Beharrizanei erantzuna
Proposamenak ugari izan ziren, beharrizanak ere hainbat direla ikusten dutelako: kirola praktikatzeko azpiegitura falta, adinekoek ariketa fisikoa egiteko baliabide eza, 6-7 urtetik aurrerako umeentzako jolasteko leku aproposik eza eta auzotar guztiek erabili ahal izateko aterpe falta, kasuan kasu.
Bestalde, Gernika-Lumoko Udalaren jarrera kritikatu du auzo elkarteak: «Batzarra baino bi egun lehenago deitu ziguten udaletxetik esanez eskatuta geneukan materiala, aulkiak eta musika ekipamendua, ezin genuela eskolan gorde, eta, gainera, ez geneukala musika ekipamendua eskola barruan konektatzeko baimenik; azkenean, aulkiak elkarteko kide baten etxean gorde behar izan genituen, eta eskolako atea udaltzainek zabaldu ziguten, musika bertan konektatzeko aukera izan genezan». Hala, orain arte «sekula» ez dituztela «hain txarto» tratatu aitortu dute, eta «lotsagarria» iruditu zitzaiela gaineratu dute.
Batzar hori antolatzea pixka bat korapilatu bazitzaien ere, prest daude prozesuaren hurrengo urratsa emateko; alegia, eskolarako Gizarte Etxearen proiektua berridazteko. Horretarako, baina, lehenengo lana eskolako espazioen diseinua egitea izango dela jakitera eman dute, eta hori burututa dutenean, auzotarrei erakutsiko diotela aurreratu dute; hartara, «beraien iritzia eman eta ekarpenak egin ditzaten».