14 urtetik gorakoek parte hartu dezakete Foruko BTT martxan
Hilaren 26an egingo dute II. Forutik-Forura BTT martxa, eta hilaren 23a da aurretik izena emateko azkenengo eguna. Izena www.haitzbiribil.com webgunean eman behar da.Federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek, ostera, 15 euro...
Federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek, ostera, 15 euro.
Beste alde batetik, egunean bertan izena ematen dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte. 08:30etik aurrera egongo da horretarako aukera. 14 urtetik 18 urtera artekoek parte hartu ahalko dute, gurasoen baimenagaz.
Iaz 25 kilometroko ibilbide bakarra prestatu zuten, aurten, ostera, martxa luzea eta martxa laburra egiteko aukera egongo da. Ibilbide luzeena 33 kilometrokoa izango da 1.300 metroko desnibel gehituagaz, eta laburrak, berriz, 20 kilometro edukiko ditu.
Partaide guztiak 09:30ean irtengo dira Forutik.
Haitz Biribil Kultur Elkarteko kideek azaldu dutenez, ibilbidea iazko bera da, baina zati bat 8 kilometro luzatu dute.
Forutik irtenda, Lumora igoko dira, eta handik Errigoitira ailegatuko dira. Jarraian, Errigoititik Busturiraino joan, eta hasitako leku berean amaituko dute proba.
Txirrindulariek ibilbide gehiena mendi bideetatik egingo dutela zehaztu dute (%80), baina zenbait momentutan errepidetik pasatuko dira.
Anoa postua Baldatikan
Edari eta janaridun anoa postu bakarra egongo da. Baldatika auzoan ipiniko dute, gutxi gorabehera, 20. kilometroan.
Halaber, amaieran hamaiketakoa jango dute, eta parte hartzaileen artean opariak banatuko dituzte.