Bermeoko memoria historikoa berreskuratzeko lanekin hasi den Sollube 1937 elkarteak antolatu du hitzaldia
Goiko Plazako Kabidxe gune sozialean egingo dute aurkezpena bihar [martxoak 16],
19:00etan. Juan Mari Zulaika izango da azalpenak ematera hurbilduko dena.
Sollube 1937 elkarteak antolatutako hitzaldia da biharkoa.
Bermeoko memoria historikoa berreskuratzeko lana egiten hasi da aipatu elkarte berria, eta horretarako, hainbat ekitaldi eta proiektu garatu dituzte, lehenengoa, gaurko hitzaldia.Elkarteko kide Andoni Santiagok azaldutakoaren arabera, «herrian zenbait gauza eginda badaude, eta nahikoa landuak, gainera; hala ere, ez daude herrian horiek zabalduta».
Matxitxakoko Batailaren inguruan gauza asko egiten direla diote, baina, bestalde, Solluben 1937an gertatukoa ez dagoela landuta azaldu dute; «hortik dator elkartearen izena».
Sollubeko gudan 1.000 hildako egon zirela gogorarazi dute. 1937. urteko maiatzaren 6tik 14ra bitartean gertatu zen, Gernika-Lumo bonbardatu ostean, Bilborako bidean zihoazela.
Bermeoko Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren beka baten laguntzagaz idatzita, Francisco Manuel Vargasek, ‘Bermeo y la guerra civil. La batalla de Sollube’ liburua aurkeztu zuen 2007.urtean
Elkartea Sollube 1937 izenagaz osatu badute ere,
ez dute Sollubeko guda bakarrik aztertzen, «36ko gerratik gaur egun arte, gauza ugari gertatu baitira».
Diotenez, Bermeoko Udalak «liburu oso ona» argitaratu zuen Sollubeko Gudaren inguruan. Hala ere, Iker Astuiren ustez, kanpokoek herritarrek baino gehiago aztertu dute Sollubeko Guda: «Bermeon badauzkagu idazleak eta ikertzaileak. Hutsune bat ikusi dugu, eta hutsune hori bete gura dugu, eta azaleratu, ahazturan gera ez dadin. Istorio ugari daude galduko direnak edo dagoenako galdu direnak. Istorio horiek kontatu ahal dizkiguten herritarrak eskuagaz zenbatu daitezke, 80 urte igaro baitira. Daudenak, gainera, beldurragatik ez dituzte gauzak kontatzen». Historia gustuko du Astuik, eta, askotan jendearengana galdezka hurbildu dela dio; «eduki ahal dituzten errepresaliengatik ez dituzte gauzak azaldu gura».
Holokaustoa ere aipatzen dute; jakinarazi dutenez,
Bermeon, adibidez, badago
kontzentrazio esparruan hildako bat, Pedro Madariaga Rikalde. Jendeak, hala ere, «gauza horietako asko ez ditu ezagutzen».
Kontzientzia. Era berean,
herritarrak jakitun izan daitezen gura dute: «Bermeon zer gertatu zen jakin beharra daukate. Ematen du gai tabu modura geratu dela». «Lotsa» galtzen joatea gura dute, bai eta jendeak herriko historiaren berri edukitzea ere.
Biharko antolatu duten hitzaldiaren inguruan hurrengoa diote: «
Bermeok frankismoaren aurkako kereilari babesa ematen dio, baina Bermeo
ez da auzi-jartzaile modura agertzen. Ematen du hemen ez zela ezer gertatu, eta ez da horrela. 1937ko maiatzean, erreka gorri bat etorri zen Sollubetik, bonbak ere jaurti zituzten Bermeon, eta jendeak alde egin behar izan zuen, besteak beste. Hortaz, gertatu zena azaleratu behar dugu, eta ea modu horretan, herriaren eta herritarren babesa lortzen den».
Maiatzean ekitaldia. Apirilean beste hitzaldi bat antolatzeko asmoa agertu dute, eta, maiatzean, berriz, Solluben hildako gudariak omentzeko ekitaldia egingo dute, oraindik eguna zehaztu ez badute ere.
Elkartea azaroan hasi zen lanean eta «korronte ezberdinetako» jendea batzen du.
Ateak zabalik dauzkatela diote: «Bakoitzak bere ideiak eta bizipenak ditu, eta elkarbanatu egiten ditugu, eta orain azaleratu egin gura dugu beste herri batzuetan egiten den modura, herritarren kontzientzia pizteko bada ere». Elkarteagaz harremanetan jartzeko
sollube1937@riseup.net idatzi beharko du interesa duenak.
Jende gehiagoren beharra daukatela jakinarazi dute, maiatzean egin gura duten omenaldian gudariak ez eze, euren familiak ere omendu gura dituzte eta; «edozein datu eman ahal duen edozein pertsona izango da ongietorria».
Sollubeko Gudako 1.000 hildakoetatik bost edo sei bermeotarrak izan zirela diote, baina Busturialdeko beste herri batzuetakoak ere hil ziren batailan. Datu horiek guztiak, inoiz argitaratu ez den Esteban San Pedroren liburu batetik dauzkatela aipatu dute; «lan oso ona egin zuen San Pedrok»