Erabakitzeko eskubidea daukan eta bere sasoia dela uste duen herria bildu da gaur Gernika-Lumon. Busturialdeko herri ezberdinetakoak batu dira leku berean; herria bat delako. Pentsamendu ezberdinak zituztenak elkarlanean hasi zuten bideari jarraipena eman diote gaur egindako ekitaldiagaz.
Bermeon hasi zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko bidea, baina Busturialde osora hedatu zen ondoren.
Gizakateak batu zituen herritarrak lehenengo; oihalen ekimenak gero, eta sinadura bilketaren aroak ondoren. Kresaletan elkartea sortu zuten orduan, herri galdeketa egiteko beharrezkoak ziren sinadurak batzeko asmoz. Herri kontsultaren olatua uste zutena baino handiagoa eta indartsuagoa bihurtzen hasi zen, eta
Busturialdeko ia herri guztiek hartu zuten olatu horren gainean arraun egiteko hautua.
Eskualde mailako ekitaldia egin du Busturialdeko Gure Esku Dagok, Gernika-Lumon. Argazki erraldoia atera dute eguerdian.
Elkarlan hori erakargarri bihurtu zen, aberasgarri, adierazgarri, garrantzitsu. Bizkaia osoan eskualde bezala galdeketa egiten lehena izango da gurea. Eta egun horretan,
Ajangizko, Arratzuko, Bedaronako, Bermeoko, Busturiko, Eako, Ereñoko, Errigoitiko, Foruko, Gautegiz Arteagako, Gorozikako, Gernika-Lumoko, Ibarruriko, Kanaleko, Kortezubiko, Mendatako, Morgako, Muruetako, Muxikako, Nabarnizko eta Natxituko bizilagunek beraien etorkizunari buruz galdetuko dien galderari erantzuteko aukera edukiko dute; erabakitzeko eskubidea edukiko dute.
39.146 herritar deituta
Hala azaldu dute gaur Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian egindako ekitaldian. Eta jakitera eman dutenez,
Busturialdeko 39.146 herritar izango dira apirilaren 2an beraien etorkizunari buruz
erabakitzeko eskubidea izango dutenak. Egun horretan erabakiko du, hain zuzen ere, Busturialdeak “zein itsasotan arraun egin nahi duen”.
Galdeketaren egunean, baina,
herri bakoitzak bere galdera egingo du, aurretiaz tokian toki adostutakoa: “Nahi duzu Euskal Herri burujabe bateko herritar izan? Nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar? Nahi al duzu Izan euskal estatu burujabe bateko herritar? Euskal herritarra izanik, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde zaude?”.
Galderak galdera, Busturialdeak erabaki egingo du apirilaren 2an; batetik, herritarrek
“erabaki nahi dutelako”, eta, bestetik,
“herri bezala, nazio bezala, erabakitzeko eskubidea daukalako”.
Erabakitzearen aldekoak
Eta
hainbat dira erabaki nahi duten horiek: besteak beste, Eñaut Elorrieta, Haimar Arejita, Josu Bergara, Kepa JUnkera, Xaibor, Alaine Agirre, Ilaski Serrano, Amaia Uribe, Ander Zabala, Jon Andoni Rementeria, Julen Madariaga, Jose Antonio Bastegieta Marko, Joan Mari Torrealdai, Kepa BIlbao, Ana Zubiaga, Martin Orbe, Julen Calzada, Karmelo Landa, Txomin Arana, Federico Etxabe, Ildefonso Urizar, Asier Villalibre, Lander Torrealdai, Maria Zorroza, Imanol Goñi, Izaskun Garcia, Lur Uribarren, Jon Magunazelaia, Terese Madariaga…
Horiek, baina, askoren arteko bakar batzuk baino ez dira. Busturialdeko Gure Esku Dago ziur da
atzetik gehiago etorriko direla, galdeketa babes zabalagaz egingo dela; “Bakarrak ez garelako, eta bakarrik ez gaudelako”.
Hala dela argi utzi dute gaurko Lizeoko ekitaldian. Euskal herritarrak ez ezik, beste hainbat herrialdetan jaio eta hezitako Busturialdeko bizilagunek ere beraien aldarria egin dute taulagainera igo, eta
nork bere herrialdeko hizkuntzan zein euskaraz, erabakitzeko eskubidearen alde dagoela adieraziz.
Mahainguruan, Xabier Goirigolzarri (EAJ), Laura Mintegi (EH Bildu) eta Elsa Pamparacuatro (Ahal Dugu-Podemos).
Ekitaldia bukatuta, erabakitzeko eskubidearen eztabaida mahai gainera eraman dute politika eta ekonomia arloan adituak diren hiru gonbidatuk:
Xabier Goirigolzarrik (EAJ), Laura Mintegik (EH Bildu) eta Elsa Pamparacuatrok (Ahal Dugu-Podemos), hain zuzen ere.
Goirigolzarrik hartu du lehenenbiziko hitza, eta
Gure Esku Dagoren prozesuaz aritu da lehenengo tarte horretan. Hala, GED-k desberdin pentsatzen dutenen arteko elkarketa baterako aukera ematen duela gogorarazi du jeltzaleak. Era berean, argi utzi du kultura berri bat sortzen hasi behar dela herria,
ezberdinen arteko harreman horiek hobetzen. Jendea mugitzea geroz eta zailagoa dela azaldu du; hala ere, borondateagaz guztia egin eta guztia lor daitekeela nabarmendu du. Nork bere terapia hasi behar duela azaldu du, eta GEDk horretarako aukera ematen duela adierazi du. Hala,
herri mugimenduak ez duela politika egiteko asmorik azpimarratu du, eta dituen
helburuak gauzatzean, desagertu egingo dela gaineratu du.
Podemos-Ahal Duguko Elsa P
amparacuatrok, bestalde,
erabakitzeko eskubidearen alde daudela argi utzi nahi izan du; hala ere, erabakitzeko eskubidearen alde dauden ala ez baino,
zein erabakitzearen alde dauden garrantzitsuagoa dela azpimarratu du, beraientzat “edozein batura politiko ez delako onargarria”.
Erabakitzeko eskubidea instrumentu demokratiko gisa ulertzen du Ahal Duguk, eta galdeketako erabakitzearen alde egiteko abiapuntu gisa, “hortik aurrera, lanean jarraitu behar delako”.
Hala, eskubide hori lortze aldera,
bi aldeen arteko akordioa izan behar da bidea, Pamparacuatroren ustez; “
ez da gomendagarria, ostera, prozesu unilateral bat“. Horregatik, sentsibilitate ezberdinen arteko akordioetan pentsatzen duen planteamenduaren alde egiten dutela azaldu du.
Ahal Dugukoaren arabera, herriak bizitza baldintzatzen dituen arlo guztiei buruzko erabakiak hartu beharko lituzke, eta
erabakitzeko eskubidea 365 egunetan eta 24 ordutan galdegin beharko litzateke.
Pamparacuatrok dio aurrera egin behar dela; “eseri, eztabaidatu eta lurralde estatus berrien formulak adostu, lanean jarraitzeko”. Eta modu horretan, erabakitzeko eskubidea ulertzeko modu bakarra ez dagoela argi utzi du, “aldaketa demokratukoa ulertzkeo modu bakarra ez dagoen bezala”.
Laura Mintegik Busturialdean egingo den galdeketa “oso sinbolikoa” dela esanez hasi du bere tartea, eta aurten 111 herri daudela galdeketa egitera deituak gogora ekarri du; alegia, milioi erdi pertsona. Orain arte erabaki dutenak kontuan hartuta, beraz, guztira, 650.000 lagunek izango dute planteatutako galderei buruz daukaten iritzia emateko aukera, eta datu horiek “oso positiboak” direla nabarmendu du. Galdeketan parte hartzen duten %95ak, gainera, galderari baietz erantzuten diola jakinarazi du.
“Ikaragarriak” dira datuak EH Bildukoaren ustez, “batez ere, kontuan hartuta zein balduntzetan egiten den galdeketa; baliabide gabe, dirurik gabe”.
Herri bakoitzak, gainera,
bere galdera adostea “oso interesgarria” dela deritzo koalizio abertzaleko kideak.
Datuak eman ostean,
autodeterminazio eta erabakitzeko eskubideei buruz jardun du Mintegik; izan ere, bere ustetan, jendeak elkar nahasten ditu biak, eta alde handia dago batetik bestera. Azaldu duenez, berme juridiko bat dauka autodeterminazio eskubideak, eta horri esker, gutxienez, 24 estatu berri sortu dira.
Gaur egun, autodeterminazio eskubideaz baino, erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dela dio. “Ikuspuntu juridiko batetik atzerapauso bat eman dela dirudi; hau da, autodeterminazio eskubidea onartuta badago nazioartean, zergatik uko egin eskubide hori, eta planteatu orain, ustez, eskubide apalago bat dena?”, galdetu du. “Autodeterminazio eskubideak subjektu zein objektu politikoak definituta ditu, eta guk jakin beharko genuke zein izango litzateken subjektu politikoa, alegia, zein den autoderminatzen dena. Eta gure kasuan arazoa eukiko genuke; jakingo genuke eztabaidarik gabe zehazten zein den subjektu politikoa? Hiru, Lau, zazpi? Nekez helduko ginateke adostasun batera epe laburrean”.
Halaber, objektu politikoa zehaztea ere arazo litzatekela uste du: “Zein litzateke helburua?”. Alderdien arteko adostasun eremua finkatu gabe dagoen horretan, subjektua eta objektua argi eduki gabe, zaila litzateke Mintegiren ustez, adostasunera ailegatzea.
Erabakitzeko eskubideari dagokionez, berriz, subkejtu politikoa ez dela kolektiboa aipatu du, “gizabanakoa baizik”. Eta gainera, ez dagoela ezer aurretiz erabakita, aurretiz definituta, nabarmendu du. Beraz, hori dela erabakitzeko eskubidearen abantaila ikaragarria aipatu du.
Galdeketari, bestalde,
emaitzak ematen diola legitimitea uste du EH Bildukoak, “ez eta antolatzen duenak”. Halaber,
soberania herrian dagoela deritzo, “ez erakundeetan”. “Egia da gero alderdiak beharrezkoak izango direla, baina herriak esango du nondik jo nahi duen; alegia,
alderdiak herritarren ordezkari izan behar dira, ez ordezko“, azaldu du.
Goirigolzarriren ustez ere, “alderdi politikoak mugituko dira herritarrak mugitzen badira”. Eta Pamparacuatrok ere hala uste du; gainera, herritarren interesak alderdien interesen gainetik egon beharko liratekela uste du. Halaber, alderdiek eztabaida, hausnarketa sakona egin behar dutela deritzo, baina ados jarriko ez direla iritzita, onena herritarren iritzi zein erabakiak aurrera eraman ahal izateko baliabideak jar ditzaten dela adierazi du. Alegia, herritarrei erraztasunak eman beharko liekela dio.
Era berean, EAJkoak eta Ahal Dugukoak uste dute
gobernuek ez dietela herritarrei hitzik ematen, “beldur” direlako; herritarren iritziaren beldur direlako. EH Bildukoaren ustez, berriz,
gobernuak demokrazia zer den ez dakielako ez dio hitzik ematen.
Gauzak horrela,
Euskal Herriak Kataluniarengandik ikasita bai, baina bere bidea egin behar duela uste dute politikan eta ekonomian adituak diren hiru horiek, “bateko eta besteko egoera bestelakoa delako”.
60 bat autok parte hartu dute Gernika-Lumon egindako kotxe karabanan
60 auto, kotxe karabanan
Mahainguru horren aurretik, bestalde, Busturialdeko herri ezberdinetatik heldutako herritarrek
kotxe karabana egin dute Gernika-Lumon. Apirilaren 2an erabakitzeko eskubidea gauzatzera deitu gura izan dituzte gaur herritarrak, eta horretarako, kotxe karabana eginda hasi dute eguna. Busturialdeko herri ezberdinetatik bertaratutako autoek parte hartu dute.
60 bat kotxek herria jantzi eta soinuz bizitu dute goizean.
Klaxoneko soinuetatik, musika doinuetara igaro dira eguerdi partean.
Mahaingurua bukatuta, Xaiborren musikagaz dantzatu eta gozatzeko aukera egon baita Pasealekuan,
mokadutxoak jan bitartean. Leku berean, gainera,
talde argazkia ateratzeko ere aprobetxatu du bertaratutako jende andanak.
Argazki galeria ikusteko sakatu hemen: