2017ko aurrekontua
«inoiz baino parte hartzaileagoa» dela esan du Idurre Bideguren alkateak. Gainerako alderdiek egindako ekarpenak jasotzen ditu, «20 emendakin baino gehiago onartu dituzte», eta, era berean,
200.000 euroko partida bat aurreikusi dute prozesu parte hartzaile baten bitartez «herritarrekin batera diru hori zertan erabili erabakitzeko». Alkatearen ustez aurrekontu «gero eta parte hartzailegoak» egitea izan beharko litzateke bidea.

Eguazteneko osoko bilkura
2017rako
17.949.000 euroko aurrekontua onartu du Bermeoko Udalak.
Hiru erakunde autonomoak kontuan hartuta (Beruala, Gizarte Ongizate eta Kirol Patronatua)
21,4 milioi euroko aurrekontu bateratua izango litzateke.
EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin onartu dute aurrekontua;
EAJk eta Izartu Bermeok aurka bozkatu dute.
Iazko aurrekontu luzatuagaz alderatuta,
aurten inbertsioak egiteko diru gehiago dago, eta gastuetarako gutxiago. Zati handiena Udalkutxatik dator: «9,7 milioi jasoko ditugula esan badigute ere, 9 milioi jarri ditugu aurrekontuan. Gerora, itzuli beharra badaukagu, ezustekoa txikiagoa izan dadin».
Ezohiko diru sarrerak egotea ere aurreikusi dute. «Eraikinen gaineko zergatik 400.000 euro inguru izango dira, eta 668.000 euro sarrera urbanistikoengatik».
Lehentasun bat Bermeo sozioekonomikoki indartzea da.
Enplegu planak «apustu garrantzitsua» izaten jarraituko du,
udal merkatu plaza hobetzen jarraituko dute; aurten, argiteria eta garbitasuna hobetuko dituzte.
Ortube, lehentasuna. Era berean, itsas ondarea berreskuratzen jarraituko dute, eta
Ortube da lehentasunetako bat.
Desoreka sozialei aurre egiteko 2.400.000 euro bideratuko dituzte. Esaterako, gazteei zuzendatuko programak aurreikusten dituzte; lana bilatzekoak edo drogomenpekotasunari aurre egitekoak. Eta berdintasun politikak bultzatzeko apustu sendoa eginda,
berdintasun agente bat kontratatuko dute.
Herritarren bizi kalitatea hobetzeko egitasmoetara, aurrekontuaren %38 bideratu dute.
Kirola apustu garrantzitsua izango da; proiektuak egiteaz gain,
35.000 euro aurreikusten dira kirol instalazioak hobetzeko. Bestalde, Udaltzaingoaren lan prebentiboa landu nahi da. Aurrekontuak, berriz, auzoetan hobekuntzak egitea ere jasotzen du, eta,
lehentasuna Agarreko bideak edukiko du.
Beste helburu bat «
herri erakargarriagoa izateko eraldaketak» egitea da. Horretarako, udaletxea berreraikitzeko bigarren faseari ekingo diote aldundiagaz; merkatal guneak hobetzeko estrategiaren baitan, Bizkaiko Jaurerriaren proiektua egingo dute, eta hiriguneen berriztatzea eta iriste erraztasuna hobetuko dituzte:
Talak, Zarragoitxik eta Itsas Begik lehentasuna izango dute. Halaber, Alde Zaharra biziberritzeko estrategiagaz jarraitu gura du udalak; eta, besteak beste,
gazteen artean alokairu soziala bultzatuko dute.
Kulturak ere leku garrantzitsua du aurrekontuan, eta
euskararen erabilera indartzeko apustu garbia egingo dute.
Eta kudeaketa «eraginkorrago, gardenago eta parte hartzailegoa» izan dadin, berrikuntzak aurreikusten dituzte: webgunea herritarren premietara egokitzea, giza baliabideen kudeaketa hobetzea. «Urritik lan handia egin dugu. Ahalegin handiak egin ditugu denon artean aurrekontuak onartzeko, guztiekin negoziatu da, eta adostasunera heltzeko eskuzabaltasuna erakutsi da», esan du alkateak.
Guzaneko bi zinegotziek aldeko botoa eman zuten. Diotenez, gauza asko hobetzeko badaude ere, «lan ona» egin dela uste dute, eta «pozik» agertu dira bere proposamenak onartu direlako.
Proposamen ugari. Gobernu taldeak aurkeztu zuen aurrekontu proposamena aztertu ondoren,
EAJ egitasmo hori hobetzen saiatu izan da. Horretarako,
30etik gora proposamen eta zuzenketa aurkeztu zituen. «Asko sartu badira ere, batez ere, zuzenketak, kanpoan geratu dira bermeotarrentzat oso garrantzitsuak diren egitasmoak», esan du EAJk. Euren ekarpenei esker, aurrekontua «apur bat hobeagoa» dela uste dute: «Kiroldegian inbertsioak egiteko partida sartu dute, landa guneetan hobekuntzak egitekoa handitu, Talan hobekuntzak egiteko aurreikuspen ekonomikoa sartu dute, Gazteleku zerbitzua indartuko da, eta aurreikuspen errealistagoak egin dira auto taxian…».
Hala ere,
udalerriaren garapenerako eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko «garrantzitsuak» diren zenbait egitasmo kanpoan geratu direla diote. Besteak beste, Itsasbegiko aparkalekua (lurzorua kudeatzeko aurreikuspen ekonomikoa eskatzen baitzuten); Askatasun bidea eta Andres Deuna-Erreñezubi bidegurutzean hobekuntzak egitea eta zirkulazioa be- rrantolatzeko plana egitea; umeentzako jolasgune estalia egitea; txakurrentzako gune bereziak eta berdintasun plana egitea.
Jeltzaleen arabera, aurrekontua udalak 2017an egingo dituen egitasmoen erakusgarri izan beharko litzateke, eta ekimenak «ez direla erraz identifikatzen», diote: «
Partida ekonomiko orokorrak egin dira, egitasmo zehatzekin konpromisorik hartu barik, eta partida batzuk aldatu egin dira zenbakiek emateko, beraz, aurreikuspenak ez dira errealak».
Etxe hutsei jarritako zergaren gainkargatik jasoko den dirua ere izan zuten hizpide osoko bilkuran. 100.000 euro jasotzea aurreikusten dela azaldu dute jeltzaleek: «Neurria onartu zenean, diru horregaz alokairu soziala bultzatuko zela adostu zen. Hala ere, aurrekontuan 70.000 euro bakarrik bideratzen dira horretara. Horrek erakusten du gainkarga horren helburu nagusia dirua biltzea dela».
Gobernu taldearen prozesu parte hartzailea ere kolokan jarri du EAJk, «hankamotz» jaiotzen dela aipatuta. «Parte hartze prozesura bideratutako dirua udal ondarea saltzetik dator, eta legearen arabera, diru hori ondarea hobetzeko baino ezin daiteke erabili. Herritarrek ez dute egitasmo sozialik edo turistikorik aurkezteko aukerarik edukiko».
Izartu Bermeok ere, aurka bozkatu zuen, «konfiantza faltagatik». Bidegurenek gogorarazi gura izan zion, «eurak izan direla negoziaketetatik kanpo geratzea erabaki dutenak».