'Oihal artean' erakusketa ikusgai dago martxoaren 17ra arte, Gernika-Lumoko Kultur Etxean
Argazkilaritza, moda, jatorria eta nortasuna uztartzen dituen erakusketa jarri du ikusgai Marta Perez Elosua argazkilari portugaletarrak Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Guztira, 20 argazki bildu ditu Oihal artean izeneko bilduman.
Euskal Herriko diseinatzaile berri onenekin harremanetan jartzea zen Perezen asmoa; “haien diseinuak erakusgai jartzea eta haiei buruzko zerbait azaltzea”. Ohiko modako argazkitik haratago joan nahi zuen Portugaleteko argazkilariak; diseinu bakoitza diseinatzailearen jatorriarekin eta nortasunarekin zerikusia duten lekuak nabarmendu nahi zituen. Eta hala egin zuen, ideia batetik errealitatera salto eginda.
Hamar diseinatzaileren lanak biltzen ditu erakusketan; horien artean, Paul Txertudi gernikarrarenak. Busturialdeko diseinatzaileak Joana Porres izan du modelo bere diseinuak janzten, eta Gernika-Lumoko Europa parkea izan zuten eszenatoki argazkiak ateratzeko unean.
Txertudiren lanez gain, Jon Mikeo, Eder Aurre, Paul Txertudi, Antxia anaiak, Nerea Sanchez Bediaga, Peio Duran, Maria Blanco, Miriam Ruiz Briz, Janire Olano eta Maria Garcia Ezquerro diseinatzaileenak ere ikus daitezke Gernika-Lumoko Kultur Etxean ikusgai jarritako erakusketa horretan.
Modaz eta argazkilaritzaz gozatu nahi duenak, hortaz, martxoaren 17ra arte izango du horretarako aukera.