Maier kooperatibak egiten duen lana azpimarratu dute instituzioek
Pintura-instalazio berria inauguratu zuen atzo Maierrek; han egon ziren, hala nola, Iñigo Urkullu, Unai Rementeria, Arantxa Tapia eta Mikel Ander Zubizarreta1973. urtean sortu zuten Ajangizko Maier kooperatiba, eta, ordutik, hainbat erronka eta moldak...
Pintura-instalazio berria inauguratu zuen atzo Maierrek; han egon ziren, hala nola, Iñigo Urkullu, Unai Rementeria, Arantxa Tapia eta Mikel Ander Zubizarreta
1973. urtean sortu zuten Ajangizko Maier kooperatiba, eta, ordutik, hainbat erronka eta moldaketei aurre egiten dabil. Orain arte egindako lan hori azpimarratu zuten atzo instituzioek, pintura-instalazio berri baten inaugurazioan.Injekzioan moldetxo batzuk hartuta, kromatu txikien bitartez elketrogailuaren munduari erantzuna ematen hasi zela gogoan dauka Maier taldeko zuzendari nagusi Martin Ugaldek. Sortzaileek negozioez gehiegi jakin gabe, ilusioa, ahalegina, gogoa, konpromisoa eta elkarlanaren bitartez, ume jaioberri bat hazi zutela gogorarazi du.
Proiektu hori, baina, munduan barrena zabalduz joan da, arlo ezberdinetan lidergoa eskuratuz. Eta, horren ondorioz, beste maila bateko produktu bilakatu dela azaldu zuen atzoko inaugurazio ekitaldian; «betiere, Urdaibain sustraiak mantenduz».
Besteak beste, Maierreko arduradun eta langileak, EAEko lehendakari Iñigo Urkullu, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua eta Mikel Ander Zubizarreta Ajangizko alkatea egon ziren atzo inaugurazioan.
Gonbidatu horiek guztiek Maierreko zuzendaritza zoriondu, eta orain arte egindako lana aitortu zioten. Halaber, elkarlanean jarraitzeko prestutasuna ere erakutsi zioten. Halaber, Emakumeen Egunean, industria arloan horiek egindako lana aldarrikatu zuten.
Ajangiztik mundura
Herriko alkateak Maierrek «Ajangiztik eskualdera eta eskualdetik mundura egiten duen lana» azpimarratu nahi izan zuen. Era berean, pintura atal berriak etorkizuna margotzen lagunduko duelakoan dagoela aipatu zuen.
Alkatearen ostean, ahaldun nagusiak hartu zuen hitza atzoko inaugurazio ekitaldian. Eskualdean ez ezik, Bizkaian eta handik kanpo ere Maier kooperatiba eredua dela uste du Rementeriak, «eta baita batzuen ispilu ere». Enpresa birkokatzean, «helburuak, lana, etorkizuna eta lanerako hain garrantzitsua den ilusioa ere birkokatu» dutela adierazi zuen. Modu berean, aldundiak ere Bizkaia birkokatu gura duela eta birkokapen hori benetako aukera bihurtu behar duela adierazi zuen.
Instituzioetatik enpresei berritzeko eskatzen diela azpimarratu zuen, «arriskatzeko, merkatu berriak bilatzeko», eta Maier hala egiten ari dela gogorarazi zuen. Horren trukean, beraz, gobernuek ere hala egin behar luketela deritzo ahaldun nagusiak; alegia, «berritu, arriskatu eta ekintzaile bilakatu». Horregaz batera, aurrera egitea ahalbidetzen duten erabakiak hartu, gerokoan inbertitu eta «Maierrekoak bezala», ausartak izan behar direla esan zuen.
Aldundia Maierrek orain arte egindako «lan bikainaren maila berean» egotea espero du Rementeriak. Bere aldetik, inbertsiorako eta talenturako lurralde erakargarri izateko lan egiteko asmoa erakutsi zuen, «ekonomia-jarduera, kalitatezko enplegua eta geroaren kalitatea bermatuz».
Jauzi teknologiko handia
EAEko lehendakariak, bestalde, uste du pintura-instalazio berri hori «jauzi teknologiko handia» dela; izan ere, «garapen teknologiko aurreratuenak biltzen ditu». Hala, lehiakortasunaren eta kalitatearen zutabe dela gaineratu du. Jarduerak eraldatzeko Maierrek daukan konpromisoaren alde agertu da Urkullu, eta produktuak ekoizteaz baino haratago doan industria babestu du, «hori baita merkatu globalean lehiakortasuna irabazteko bidea».
Urte hasieran industriak hazten jarraitzen duela jakitera eman zuen lehendakariak, eta Barne Produktu Industrialaren %25era heltzea «lehentasunezko helburua» dela baieztatu zuen, «industriak hazkunde sendoagoa eta kalitatezko enplegu aukerak sortzea bermatzen baitu». Hori horrela, Basque Industry 4.0 eredua jarraitu beharko dela deritzo lehendakariak.
Hala, eredu sozioekonomiko hori da sustatuko dutena, «lankidetzatik eta hitzartzetik». Hazkundea eta kalitatezko enplegua xede hartuta, elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak.