Txapelketaren bigarren eta azken proba
atzo jokatu zuten Portugalgo Ribeira d’Ilhasen, eta Tiago Pires suflaria buru duen etxeko taldea nagusitu zen, baina Aritz Aranbururen taldeak Mundakan lortutako alde nabarmenari esker talde espainiarrak lortu du garaipena.
Bi probetako emaitzak batuta, hamabost puntu lortu ditu Portugalgo taldeak, eta hogei puntu Espainiakoak.
Atzoko saioan hamahiru puntu lortu zituzten etxekoek, eta lau puntu eskuratu zituzten Urkiak eta haren taldekideek.
Mundakan legez, surflariak bakarka lehiatu ziren lehenengo, eta ondoren taldeka. Taldekakoan Aranbururen taldeak ez zuen puntu bat bera ere lortu, eta Piresenak sei puntu eskuratu zituen.
Urkia Tomas Fernandesen kontra lehiatu zen bakarkako saioan, eta portugaldarra nagusitu zitzaion. Bakarkako saioan Aranburuk (puntu bat) eta Ariane Otxoak (bi puntu) lortu zituzten talde espainiarrarentzat hiru puntu, eta beste puntua publikoaren botoei esker lortu zuten.
Bestalde, Jose Ferreirak eta Tomas Fernandesek lortu zuten olatu onenaren puntua, eta maniobra onenaren puntua Jose Ferreirak jaso zuen.
Mundakako saioa
Urtarrilaren 28an jokatu zuten Mundakako proban Espainiako taldea Portugalgoa baino hobetu moldatu zen Europako ezker olatu ezagunenean. Alde nabarmena egon zen bi taldeen artean, eta Urkia mundakarraren taldea nagusitasunez gailendu zen. Izan ere, Aranburu kapitain izan duen taldeak
hamasei puntu lortu zituen, eta Pires portugaldarraren taldeak
bi puntu baino ez zituen eskuratu.
Urkiaren eta Aranbururen taldea.
Argazkia: Red Bull Rivals.
Bakarkako lehian zazpi puntu lortu zituen talde espainiarrak, eta talde portugaldarrak bakarkakoan eskuratu zituen bere bi puntuak. Ondoren, taldekako lehian jokoan zeuden bederatzi puntuak Aranbururen taldeak bereganatu zituen.
Urkiagaz batera, Gony Zubizarretak, Luis Diazek, Ariane Otxoak eta Eneko Merinok osatu dute Aranbururen taldea. Bestalde, Piaresen taldean surflari hauek egon dira: Tomas Hernandez, Vasco Ribeiro, Henrique Pyrrait, Mariana Rocha eta Mica Lourenco.