Euskal erromerirako dantzak entsegatzen hasiko dira Mutrikun
Urtero modura, euskal dantzen ikastaroa antolatu dute Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldeko kideek. Ikastaroaren lehenengo saioa bihar 21:15ean egingo da, Miruaitz frontoian, eta maiatzera bitartean, maiatzaren 27an ospatuko den euskal erromeria egunera...
Ikastaroa doakoa da, eta bertan parte hartu nahi dutenek gaurko entsegura agertu besterik ez dute izango.
Arduradunek nabarmendu dutenez, aurten ere ikastaroa bi zatitan banatuta egingo da. Alde batetik, apirilaren 20ra bitartean, hasiberrien ikastaroa egingo da, eta apirilaren 27tik maiatzaren 25era, berriz, errepasoa. «Lehenengo bi hilabeteetan ezer ez edo gutxi dakitenekin hasiko gara, eta hurrengo hilabetean, errepasoa egingo dugu, arinago dantzan ibili direnekin».
Entsegu guztiak eguenetan izango dira, leku eta ordu berean, eta ordubete inguruan, fandango, arin arin, herri dantza, zazpi jauziak…, denetarik ikasteko aukera izango dela jakitera eman dute. Errepasoan, hasiberriekin batera ikasitako dantzez gain, larrain dantza ere ikasiko dute.