Martitzenetako azoka kokagune berrian egin behar zen atzo, hau da, Goiko Plazan; baina
azokarik ez zen egon. Bermeoko Udalak azaldu duenez, «
salmenta postuek ez dituzte bete eskatutako baldintzak».
Saltzaileak oso haserre zeuden atzo, eta udalari eskatu diote baldintzak aldatzeko.
Saltzaileak Goiko Plazan
Saltzaileek
baldintzak 2016ko abuztutik ezagutzen dituztela dio udalak. Era berean, zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak azaldu duenez, «esleipen prozesua martxan jarri zenean eta zozketa egin aurretik, baldintza agirietan azokaren kokapena, postuen ezaugarriak eta betebeharreko baldintzak zehazten ziren. Hortaz, zozketan parte hartu zuten guztiek horren berri bazekauten». Martxoaren 3ko astera arte, «saltzaileek ez dute baldintzei buruzko ezer esan, aste honetan, berriz, lau saltzailek bidali dituzte eskariak».
Baldintzetan honakoak zehazten direla diote: azokatxoko ordutegia, zamaketa eta garbiketa lanak zelan eta noiz egin eta sarbidearen ordutegiak. Horrez gain, honakoa adierazten da: jarduera garatzeko ezinbestekoa da neurriak betetzea (2,5 metro zabalera eta 5 edo 8 metroko luzera postuaren arabera) eta prozesuko baldintzetan jarritako estalkia edukitzea. «Baldintzetan argi geratzen da, gainera, estalki hori barik ezin izango dela salmenta garatu.
27 salmenta postuetako batek ere ez zeukan baldintzetan ezarritako estalkia, eta postuaren neurriak ere ez zituzten betetzen», esan du Ibarrolazak. Horregatik, ez da azokarik egin.
Saltzaileen haserrea
Su hartzen ez duten estalkiak eskatzea ez dela «bidezkoa» zioen atzo Idoia Arbide saltzaileak: «40 kilo pisatzen ditu, eta bi metroko altueran jarri behar dugu. Nik neuk ezingo nuke jarri. Estalkiak, gainera, 400 euro inguru balio ditu».
Saltzaileen artean haserrea zen nagusi atzo: «Gauza asko onartu ditugu. 34 postu izatetik 27 gara orain, postuen tamainak eskatutako neurrira moldatu ditugu, eta beste gauza asko onartzeko prest ere bagaude. Hala ere, beste zenbait ezin ditugu onartu», azaldu zuen Chani Martin saltzaileak. Diotenez, udalak gauza oso garrantzitsu bat ez du kontuan izan, «lan osasuna».
Jairo Diez saltzaileak zioenez, «
kokagune berriak %7ko malda dauka, eta ezin daiteke egoera horretan lan egin». Hartara, jakinarazi dutenez,
lan arriskuen txosten bat eskatuko dute, udalean aurkeztu ahal izateko.
Beste udal batzuekin alderatuta, Bermeokoarengandik ez dutela erraztasunik aurkitzen salatu dute: «Urte hauetan ez dira guregana etorri gure beharrizanengatik galdetzera, beste leku batzuetan egiten duten modura, eta irtenbideak bilatzeko zailtasunak jartzen dizkigute». Euren lanpostuak direla eta, «baldintza onak» eskatzen dituzte.
Batzartuta
Atzo goizean, saltzaileen bost ordezkarigaz batzartu zirela argitu du Ibarrolazak. Bileran hainbat gai jorratu bazituzten ere, estalkiari eta postuen neurriei dagozkien proposamenak jasotzen dituen idazki bat egitekotan gelditu zirela esan du Ibarrolazak. «Udalak proposamen horiek zerbitzu batzordera eramateko konpromisoa hartu du». Idazkian, hala ere, estalkiaren proposamena baino ez zutela zehaztu diote, eta ez postuen neurriena.
Azoka «ahalik eta arinen» egin ahal izateko, adostasun batera heltzea espero dutela esan du Ibarrolazak.