1973. urtean sortu zuten Ajangizko Maier kooperatiba, eta, ordutik, hainbat erronka eta moldaketei aurre egiten dabil. Injekzioan moldetxo batzuk hartuta, kromatu txikien bitartez elektrogailuaren munduari erantzuna ematen hasi zela gogoan dauka Maier taldeko zuzendari nagusi Martin Ugaldek. Sortzaileek negozioetaz gehiegi jakin gabe, ilusioa, ahalegina, gogoa, konpromisoa eta elkarlanaren bitartez, ume jaioberri bat hazi zutela gogorarazi du.
Gaur inauguratu duten pintura-instalazio berria bisitatu dute instituzioetakoek
Proiektu hori, baina, munduan barrena zabalduz joan da, arlo ezberdinetan lidergoa eskuratuz. Eta, horren ondorioz, beste maila bateko produktu bilakatu dela dio; betiere, Urdaibain sustraiak mantenduz. Gaur, esaterako, pintura-instalazio berri bat inauguratu dute, eta bertan izan dira, besteak beste, Maierreko arduradun eta langileak, EAEko lehendakari Iñigo Urkullu, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua eta Mikel Ander Zubizarreta Ajangizko alkatea.
Gonbidatu horiek guztiek Maierreko zuzendaritza zoriondu, eta orain arte egindako lana aitortu diote. Halaber, elkarlanean jarraitzeko prestutasuna ere erakutsi diote. Halaber, emakumeen egunean, industria arloan horiek egindako lana aldarrikatu dute.
Iñaki Olanok aurreskua dantzatu du pintura-instalazio berriaren inaugurazioan
Ajangiztik mundura
Halaber, herriko alkateak Maierrek “Ajangiztik eskualdera, eta eskualdetik mundura egiten duen lana” azpimarratu nahi izan du. Era berean, pintura atal berriak etorkizuna margotzen lagunduko duelakoan dagoela aipatu du.
Alkatearen ostean, ahaldun nagusiak hartu du hitza gaurko inaugurazio ekitaldian. Eskualdean ez ezik, Bizkaian eta Bizkaitik kanpo ere Maier kooperatiba eredua dela uste du Rementeriak, “eta baita batzuen ispilu ere”. Enpresa birkokatzean, “helburuak, lana, etorkizuna eta lanerako hain garrantzitsua den ilusioa ere birkokatu” dutela adierazi du. Modu berean, aldundiak ere Bizkaia birkokatu gura duela eta birkokapen hori benetako aukera bihurtu behar duela adierazi du.
Instituzioetatik enpresei berritzeko eskatzen diela azpimarratu du, “arriskatzeko, merkatu berriak bilatzeko”, eta Maier hala egiten ari dela gogorarazi du. Horren trukean, beraz, gobernuek ere hala egin behar luletela deritzo ahaldun nagusiak; alegia, “berritu, arriskatu eta ekintzaile bilakatu“. Horregaz batera, aurrera egitea ahalbidetzen duten erabakiak hartu, gerokoan inbertitu eta “Maierrekoak bezala”, ausartak izan behar direla esan du.
Aldundia Maierrek orain arte egindako “lan bikainaren maila berean” egotea espero du Rementeriak. Bere aldetik, inbertsiorako eta talenturako lurralde erakargarri izateko lan egiteko asmoa erakutsi du, “ekonomia-jarduera, kalitatezko enplegua eta geroaren kalitatea bermatuz”.
Jauzi teknologiko handia
EAEko lehendakariak, bestalde, uste du pintura-instalazio berri hori “jauzi teknologiko handia” dela; izan ere, “garapen teknologiko aurreratuenak biltzen ditu”. Hala, lehiakortasunaren eta kalitatearen zutabe dela gaineratu du. Jarduerak eraldatzeko Maierrek daukan konpromisoaren alde agertu da Urkullu, eta produktuak ekoizteaz baino haratago doan industria babestu du, “hori baita merkatu globalean lehiakortasuna irabazteko bidea”.
Urte hasieran industriak hazten jarraitzen duela jakitera eman du lehendakariak, eta Barne Produktu Industrialaren %25era heltzea “lehentasunezko helburua” dela baieztatu du, “industriak hazkunde sendoagoa eta kalitatezko enplegu aukerak sortzea bermatzen baitu”. Hori horrela, Basque Industry 4.0 eredua jarraitu beharko dela deritzo lehendakariak.
Hortaz, eredu sozio-ekonomiko hori dela sustatuko dutena azaldu du; betiere, “lankidetzatik eta hitzartzetik”. Hazkundea eta kalitatezko enplegua xede hartuta, elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak, Urkulluk aipatu duenez.
Argazki galeria ikusteko sakatu hemen:
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.