Ibon Iparragirre Zaballan dago, mediku azterketa egiteko zain
Gauzak aldatu ezean, Txagorritxuko mediku internistak azterketa egingo dio gaur Iparragirreri. Barikuan zendu zen presoaren aita, hura bisita egiten ari zitzaiolaIbon Iparragirreren senideek jakitera eman dutenez, preso ondarrutarrari gaur 08:30ean egi...
Gauzak aldatu ezean, Txagorritxuko mediku internistak azterketa egingo dio gaur Iparragirreri. Barikuan zendu zen presoaren aita, hura bisita egiten ari zitzaiola
Ibon Iparragirreren senideek jakitera eman dutenez, preso ondarrutarrari gaur 08:30ean egingo diote azterketa medikua, Txagorritxuko ospitalean. Berez, atzo zuen txanda ospitalean, baina gaurko aldatu zioten txanda. «Atzo, berez, neurologoagaz zuen txanda, baina, azkenean ez dakigu zergaitik, txanda hori gaur izango da. Hori bai, gaurko txanda ez da neurologoagaz izango, mediku internista bategaz baino», azaldu du Gotzon Iparragirre anaiak.Internistak mediku azterketa integrala egingo diola uste dute senideek. «Egia esan, hiesa duten gaixoak mediku internistek artatzen dituzte». Gaineratu dutenez, gaur egin behar dioten azterketa medikua oso garrantzitsua da. «Itxura denez, profesional berak egingo dizkio proba guztiak eta jarraipena, hasi eta amaitu arte». Azterketa medikua egin bitartean, bestalde, Zaballako espetxean jarraitzen du preso ondarrutarrak. «Espero duguna da berriro ez lekualdatzea».
Aitari azken agurra
Atzo iluntzean eman zioten azken agurra Eusebio Iparragirre aitari. Ibon Iparragirre ez zen azken agurrean egon, nahiz eta abokatuak eskaera egin.
Barikuan, bestalde, kasualitatez enteratu zinen senideak zaharren egoitzara ekarri behar zutela. «Zaballako gizarte zerbitzuetako arduradunak deitu zuenean, hain justu, ama zegoen zaharren egoitzan, eta horrela jakin genuen. Baina beste inork ez zigun ezer esan zuzenean».
Eusebio Iparragirre, hain zuzen ere, barikuan hil zen presoa bisita egiten ari zitzaiola. Aitaren osasun egoera «oso kritikoa» zen, eta semea bere ondoan zuela zendu zen, eguerdian. Minutu gutxi batzuk lehenago, 11:50ean heldu zen preso ondarrutarra egoitzara Zaballako espetxetik, auto partikular batean eta Ertzainen zaintzapean. Ingurua hesituta egon arren, egoitza aurrean eta inguruetan, herritarrak izan zituen zain, senideen deiari erantzunda, eta animo artean agurtu zuten; «animo, Ibon!» eta «preso gaixoak kalera» oihukatu zuten, besteak beste.
Aita bisitatu artean, ama eduki zuen ondoan, eta ostean, anai-arreba bakoitzagaz bost minutuz egoteko aukera ere eman zioten. 13:05ean eraman zuten Iparragirre, auto batean. Egoitzako ate nagusitik barik, atzeko atetik atera zuten. Senideei ez zieten esan nora zeramaten.
Elkartasun uholdea
Barikuko gertakariaren ostean, Etxeratek «dolumin eta elkartasun sentikorrena» helarazi zion Iparragirre sendiari. «Mendekuan oinarritzen den dispertsioa eta espetxe politikaren salbuespeneko neurriak behingoz amaitzea exijitzen dugu».
Horrez gain, larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra berriz Euskal Herritik ez urruntzea exijitu dute. «Ibon larriki gaixorik dagoen presoa da, hiesa du C-3 estadioan, eta horrek lesio neurologiko larriak sortu dizkio: konbultsioak, ikusmen arazoak eta memoria galera».
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoen egoera latza ere azpimarratu nahi izan zuen Etxeratek. «Erasoak, tratamendua ematen dietenean jasandako tratu iraingarriak, gaixotasunen larriagotzea… gizarteari egoera jasangaitz honen berri ematen ari gara behin eta berriro». Eta egoerak behartzen duen premiagaz, eragile eta instituzioei dagozkien ardurak hartzeko deia egin zieten.
Herri aktibazioa
Sortuk, aldiz, «mendeko politikagaz» amaitzeko herri aktibazioa beharrezkoa dela azpimarratu zuen zapatuan Ondarroan larriki gaixorik dauden presoen egoera salatzeko egin zen manifestazioan.
Horretan, Espainiako Estatuak «mendeku politikagaz» jarraitzen duela azpimarratu zuten. «Larriki gaixorik dauden presoen kasuan politika hori are gogorragoa da, eta argi ikusten da». Horri aurre egiteko, herri aktibazioa beharrezkoa dela azpimarratu zuten. «Kalean egon, eremu desberdinetara ailegatu, eragile desberdinan inplikazioa lortu… Azken finean, borrokatu egin behar da».
Horrez gainera, Eusebio Iparragirreren senide eta lagunei doluminak eta besarkada bat helarazi nahi izan diete Sorturen kideek. «Atzo Ibon ikusi ahal izan genuen, eta zer edo zelan, gure maitasuna, babesa eta indarra ere erakutsi ahal izan genizkion. Eta hori beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa!». Halaber, bakean bizi garen sentsazioa ez dela zuzena gaineratu dute.