Matxitxakoko Bataila gertatu zela
80 urte bete dira gaur, eta urtero legez Nestor Basterretxearen
Matxitxakoko Guda eskulturaren parean omendu dituzte Matxitxakoko lurmuturrean borrokatu ziren marinelak.
Arrantza ontzien sirena hotsagaz hasi da omenaldia, eta amaieran lore eskaintza egin aurretik, bertaratutako guztiak zutik jarri eta
Agur Jaunak abestu dute, txistu doinuez lagunduta. Halaber, Kukai taldearen dantzarien ikuskizunagaz eta Leire Gotxi bermeotarraren abestiekaz girotu dute ekitaldia.
Orain dela 80 urte
Bou Araba ontzian zegoen
Juan Azkarate bermeotarra eguerdiko ekitaldian izan da, eta haren alboan egon dira borrokatu ziren gudarien senideak.
Juan Azkarate bermeotarra bere bilobekin.
Bermeoko Udalak, Matxitxako elkarteak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak deitutako ekitaldian, guda hartan borrokatu zirenekin batera, protagonista izan ziren
emakumeen “isileko lana” ere nabarmendu dute.
Denen ausardia eta kemena gogora ekarri ditu Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, eta euskal arrantza ontziak elkartu, eta Euskadiko gudaontzia zelan sortu zuten azaldu du: “917 gizonezko eta hiru emakumek parte hartu zuten, eta horietatik
82 bermeotarrak izan ziren. Matxitxakoko Batailan
Bou Nabarra arrantza otziaren eta Canarias guda ontziaren artean desbantaila handia eduki arren, amore eman ordez, borrokatuz, haien bizia emateko prest agertu ziren gudari haiek. Bou Nabarra hondoratu , 34 pertsona hil ziren, haietatik lau bermeotarrak. Txikiak handiari aurre egin zion, ausardiaz eta kemenez”.
Leire Gotxi bermeotarrak haren Alarguna kanta eta Sorotan Bele taldearen Marinelaren zain kanta abestu ditu.
80 urteren ostean, irabaztea edo galtzea baino, batailak erakutsi zuen
mezua dela garrantzitsuena adierazi du Bermeoko alkateak: “Gudariak gure herrian askatasunaren eta demokraziaren defentsan dena emateko prest agertu zirela, inolako konplexurik barik. Gorputz eta arima aritu ziren gure herriaren eskubideen eta askatasunaren defentsan”.
Bidegurenek Matxitxako elkartearen urteetako lana goraipatu eta eskertu du, eta besteak beste, haien jardunari esker 1937ko martxoaren 5ean gertatu zena belaunaldiz belaunaldi trasmititzearen garrantzia azpimarratu du.
Bou Nabarrako marinelak garaituak izan ziren, baina, ez ahaztuak, eta
Matxitxakoko elkarteko Xabier Olabeagak Euskal Herriaren askatasunaren eta bakearen alde borrokatu ziren pertsona haien “oroitzapenaren garra” bizirik mantendu nahi dutela esan du: “Borroka hura askatasunarengandik borrokatzearen sinbolo bihurtu zen. Gure kostaldea eta gure herriaren askatasuna defendatu zuten”.
Gudari haien aniztasun ideologiko zein soziologikoa aipatu ditu Olabeagak, eta denak elkartuta, pertsonen duintasunagatik borrokatu, eta bakearen alde hiltzeko prest agertu zirela zehaztu du: “Heriotzaren, borroken, kartzelaren, eta erbesteratzearen aurrean duintasunari eutsi zioten”.
Kukai taldeko dantzarien emanaldia.
Olabeagak Matxitxakoko Batailaren nondik norakoak azaldu ditu, eta besteren artean, 36ko gerran Eusko Jaurlaritzaren
Euzko Itsas Gudarostea zuzendu zuen Joaquin Egia Unzueta izan du gogoan (haren alaba Miren Egia gaurko omenaldian egon da). Era berean, Juan Pardo Matxitxako Elkartearen sortzailearen lana ere nabarmendu du. Historialari eta ikertzaile haren lan zorrotzari esker familia askok, “urteetako iluntasunaren” ostean, haien arbasoei gertatutakoa ezagutu zutela azaldu du.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ere Pardo eta Jose Mari Ganboa izan ditu gogoan. Esan duenez, haien ikerketari esker, euskal herritarren memoria demokratikoa “ezabatu edota zikindu” gura izan zituztenei aurre egitea lortu da: “Egiaren esparruan, zorionez, aurrerapauso handiak eman ditugu azken urteotan. Memoria, ez da eta ezin daiteke izan, orainarekin eta geroarekin zerikusirik ez duen ariketa hutsal bat. Memoria ez da falta izan, eta ez da falta orain, eta etorkizunean ere ez da faltako”.
Giza-eskubiden urraketak jasan zituztenak gogoan izanda, Erkorekak esan du, besteak beste, haien sufrimendua alferrikakoa ez zela izan adierazteko bildu direla gaur.