Gaur egun, sommelierrak prestatzeko ikasketak eskaintzen dituztela eta «pozik» da
Jon Andoni Rementeria.
Eskarmentu handikoa eta hainbat sari irabazitakoa bada ere, ikasten jarraitzen du Busturialdeko sommelierrak. Oraingoan, Madrilen izango du ikasketa horiei jarraipena emateko aukera, bertan
lehiatuko baitu beste hainbategaz batera,
Espainiako Sommelier Txapelketa, apirilaren 28 eta 29an. Halaber, bertoko zein hango txapelketak antolatzen dituzten horiek ere eskertu egin ditu, «beraiek barik ez legokelako lehiaketarik».
Euskadiko sommelier onenaren saria jaso du Jon Andoni Rementeria Remenetxe jatetxeko sommelierrak.
Espero al zenuen saria jasotzea?
Goizean urduri egon nintzen, ez nekielako gainontzekoek nolako azterketa egin zuten. Finalera nortzuk gindoazen jakinarazi zutenean, berriz, lasaitu egin nintzen; izan ere, arratsaldeko saioan ondo moldatuko nintzela jakin banekien. Irabazi egingo nuela uste nuen orduan. Lanean behar horretan aritzen naiz, eta, gainera, aurretik ere zenbait lehiaketetan parte hartutakoa naiz; beraz, esperiantzia daukan pertsona naiz.
Zenbat lehiakide bildu zineten?
Guztira, hamabost sommelierrek geunekan izena emand, baina hamabi aurkeztu ginen txapelketara. Nik uste dut lagun dezente bildu ginela; ez baita erraza tankera horretako txapelketa batera aurkezteko hamabi sommelier aurkitzea. Halaber, Madrilen, esaterako, zortzi sommelier aurkeztu ziren bertako txapelketara.
Azterketak parte bi izan zituen; nolakoak izan ziren bai bata eta bai bestea?
Goizeko saioan, azterketa bat egin behar izan genuen, batetik. Lantzekoak ziren 50 galdera erantzun behar izan genituen. Ez zen batere erraza izan; oso gaitza izan zela esango nuke nik. Ardoari buruzko galderak ez ezik, olibei, olioei, gaztei, likorrei eta beste hainbatei buruzkoak egin zizkiguten. Bestetik, ardo dastaketa bat izan genuen aztergai. Ardo bi izan genituen parez-pare, eta bakoitzaren deskribapen-karta egin behar izan genuen; alegia, usaina, kolorea, zaporea, zein urtetakoa den, zein edalontzitan edan behar den, nongoa den… azaldu behar izan genuen.
Azterketa teoriko horrek, beraz, ikasteko ere balioko du, ezta?
Azken finean, norberaren maila zein den eta norainoko ezagutza duen jakiteko balio du azterketa horrek. Eta nik, behintzat, hori jakitea gustuko dut. Halaber, ikasteko ere balio du azterketak; aurretik jakin gabeko erantzunak ezagutzeko.
Lehenengo parte horretako puntuaketa kontuan hartuta, finalera ailegatu zinen. Horra heltzeagaz konformatuko zinateke?
Azterketako eta dastaketako puntuak batuta, hiru finalistak zientzuk ziren jakinarazi zuten, eta orduan hartu nuen lasaitua. Finalera ailegatzea ez zen nire helburua, irabaztea, baizik; izan ere, Espainiako txapelketan parte hartzea neukan buruan. Beraz, ez nintzateke pozik geratuko soilik finalera iritsita, lehenengo biak baino ez baitira Espainiakorako sailkatzen. Eta posiblea zen hirugarren ere egitea. Hala ere, lasaitasuna hartu nuen, bigarren partean ondo moldatuko nintzela banekielako.
Zer egin behar izan zenuten lehiaketako bigarren zati horretan?
Bost proba egin behar izan genituen: hizkuntzaren ezagutzari zegokiona (ingelesa edota frantsesa aukeratzeko); hiru edari identifikatzea; menu jakin batentzako zortzi edari aukeratzea; ardoen zerrenda batetik txarto eta ondo zeudenak zehaztea, eta, azkenik, zerbitzatzea. Horietan danetan zailena niretzat, laugarren proba izan zen.
Nola prestatzen da sommelier bat horrelako txapelketa baterako?
Asko ikasi behar da txapelketa prestatzeko. Aurten, zortea izan dut, jatetxea itxita eduki baitugu, eta, beraz, ikasteko denbora izan dut. Egunero-egunero zortzi-hamar bat orduz ikasten aritu izan naiz. Hala ere, urteko egun guztietan ikasten dugu zerbait; gauza berriak ateratzen baitira. Hainbeste ikasteak, hala ere, badu bere ordainsaria. Saria baino, gehiago izaten da norbere maila ezagutzeko aukera izatea.
Espainiako txapelketa lehiatuko duzu apirilean. Zein asmogaz joango zara?
Laugarrenez joango naiz Espainiako txapelketara, eta aurrekoetan lortutako postuak [urterik onenean seigarren postua eskuratu zuen] hobetzea ez ezik, finalisten artean sailkatzea izango da nire helburua. Guztira, 50 bat sommelier izango gara bertan, lehian.
Horretarako aukerarik ikusten al duzu?
Izan liteke. Aukerak baditudala uste dut, baina, azkenean, zorteak ere eragina izan dezake.
Zein da sommelier on bat izateko sekretua?
Ez dago bestelako sekreturik; ikastea besterik ez; asko ikastea. Halaber, zerbitzatzen jakitea ere garrantzitsua da; praktikatzea.
Euskadikoan bezain urduri egongo al zara Espainiakoan?
Ez da egoera bera izango; beraz, urduritasunak ere aldatu egingo dira. Euskadikoan presioa handiagoa da. Faborito bezala naute hemen, beraz, lehenengo zatia derrigorrez gainditu behar dut, bestela irrigarri geratuko nintzateke jendaurrean. Espainiakoa, bestalde, bestelakoa da. Maila handiagoa dago bertan, eta bertara goazenon maila beretsua izaten da. Espainiara ikastera eta gozatzera joaten gara. Europako eta munduko txapelketetara sailkatzeko bidea ere bada Espainiakoa, baina nik horretan pentsatu ere ez dut egiten.
Iritsiko al da momentua lehiaketetara aurkezteaz nekatuko zarena?
Telebista ikusi beharrean, ikasten egoten naiz. Utzi egingo dudala esaten dut sarritan, baina gustuko dut. Espainiako txapelketa irabaziko banu, orduan utziko nuke. Finalera ailegatuz gero, izan liteke uztea ala ez. 2018an nazioarteko txapelketa batetan lehiatuko naiz; beraz, Espainiakoa eginda, ezingo naiz urte osoa ezer egin barik egon. Beraz, ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Egunerokotasunean, dastatzen eta ikasten jarraitzen dut, eta hemendik bost urtera ere hala ariko naiz. Beraz, ikasitakoa eta praktikan jarritako guztiaren aitorpen gisa hartzen ditut nik txapelketako sariak.