Martxan da berriro abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina
UEMAren laguntzarekin, Izena duenak izana du sentsibilizazio kanpaina martxan jarriko du Bermeoko Udalak martxoan; “munduan euskaldunek presentzia izateko”, azaldu dute udaletik.
Euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita edukitzeko eman beharreko hiru pausoak jasotzen dituzten informazio orriak eta kartelak banatuko dituzte Bermeoko Udalak eta hainbat eragilek. Hala informazio orrian zehazten denez, interesa duenak erregistro zibilera edo bake epaitegira joan beharra du lehenik eta behin, eta abizena euskal grafiaz jarri nahi duela esan eta ematen dioten eskaera orria bete beharko du. Horregaz batera eraman beharko ditu nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria, errolda agiria (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), familia liburuaren fotokopia (seme-alabak izatekotan) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia (16 urtetik gorakoak badira).
Izena edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatu gura dutenek www.euskaltzaindia.net webgunean egin ahalko dute.
Informazio orriak udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, udal liburutegia, Musika Eskola, Gizarte eta Kultura Etxea eta kiroldegia) eta bake epaitegian aurkitu ahal izango dira. Gainera, ikastetxeetan eta osasun etxean ere eskuragai egongo dira.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko euskara zinegotziak azaldu duenez, kanpainak emaitza positiboak izan ditu azken urteetan. Bermeoko epaitegian 2016. urtean, 2015ean baino hamar espediente gehiago izapidetu zirela jakinarazi du, guztira, 46.
Bestalde, epaitegietan egiten diren beste izapide batzuk ere euskaraz egin daitezkeela gogorarazi gura izan du Agirrek; besteak beste, jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroak. 2016an jaio eta ezkondu ziren bermeotarren erdiak, gutxi gorabehera, euskaraz izapidetu zituztela azaldu du.
Prozesua “erraza” dela eta, herritarrak animatu dituzte abizenak euskal grafiaz idaztera.