Aldundiak San Antonio enklabea Busturiari emateko proposamena aurkeztuko du Batzar Nagusietan
Bizkaiko Foru Aldundiak San Antonio enklabea desagerrarazteko proposamen berria aurkeztuko die Bizkaiko Batzar Nagusiei. Proposamen berriak Busturiari emango lioke enklabe guztia.
San Antonio enklabea, legalki eta administratiboki, Sukarrietaren menpe dagoen lurraldea bada ere, Busturiko udalerriaren lur eremuek ingurutzen dute. 2013an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi zuen 2015eko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak San Antonio enklabea desagerrarazteko espedientea martxan jarri zuen iazko martxoan.
Proposamen ezberdinak aztertu ostean, foru aldundiak Sukarrieta eta Busturia arteko muga lerroa aldatzea onetsi zuen, enklabea bi herrien artean banatzeko. Hala, Sukarrieta iparraldeko zatiagaz geratzea proposatzen zuten; Busturia, berriz, hegoaldekoagaz. Izan ere, aldundiaren ustez, hori baitzen «irtenbiderik orekatuena bi udalerrientzako». Orain, hala ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak azaroaren 23an emandako autoa betetzeko, aldundiak enklabea desagerrarazteko hasieran egindako proposamena aldatu beharra eduki du.
Azaroko autoak aldundia behartzen du 2013ko epaia betetzera, eta, hortaz, enklabea desagerraraztera. Oraingoan, baina, funtsezko aldaketa bat ezartzen duela azaldu dute, eta bi prozedura bereizten dituztela diote: «Enklabea inguratzen duen udalerriaren esku geratzen bada (Busturia), Bizkaiko udal mugarteei buruzko 8/1993 Foru Araua aplikatu behar diote; enklabea banatzeko hasierako proposamenari eusten bazaio, berriz, 9/2012 Foru Araua da aplikatu beharrekoa, eta, ondorioz, beharrezkoa da udalerri bien arteko adostasuna». Hortaz, diotenez, «praktikan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aldundiari egokitzat jotzen duen proposamena egiteko aukera eman arren, funtsean aukera bakarra dago: inguratzen duen udalerriaren esku uztea enklabe osoa, ez baitago adostasunik aldundiak 2016ko martxoan egindako proposamenean».
Ondorioak
Aldundiak jakinarazi duenez, San Antonio galtzeak Sukarrietari ondorio batzuk ekarriko dizkio. Horiek kontuan hartuta, aldundiak konpentsazio neurri batzuk gehituko ditu Batzar Nagusietan aurkeztuko duen proposamenean. Sukarrietak izango duen kalte ekonomikoak konpentsatu beharra ikusten du aldundiak. Hurrengo bost urteetan Sukarrietako Udalari emango diote enklabeko establezimenduen jarduera ekonomikoen gaineko zergengatik, udan saltokiak edo kioskoak jartzeagatik edota San Antonio hondartzako bisitariengatik zituen diru sarreren konpentsazioa. Gainera, biztanleak galtzean Udalkutxa funtsatik ere sarrerak murriztuko zaizkio.
Helegitea jarrita
Sukarrietako Udalak ohar bitartez jakinarazi duenez, iazko azaroan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako autoaren «aurka» dago, eta helegitea jarrita daukatela azaldu du. Hala, aldundiari eskatu dio proposamena berriro aztertzeko eta hartutako erabakia atzeratu dezala, «EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Sukarrietako Udalak jarritako helegiteari erantzuna eman arte».
Bestalde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren jarrera ere publikoki salatu gura izan dute: «Ez dituzte kontuan eduki San Antonioko bizilagunak. Argi eta garbi esan dute Sukarrietako bizilagunak izaten jarraitu gura dutela, sukarrietarrak direlako».
Era berean, udaletik azaldu gura izan dute aldundiaren proposamena onartzen baldin bada, Sukarrietari kenduko diotela XVIII. mendera arte osoko bilkurak egiten ziren lekua, bere jatorrizko parrokia, jatorrizko hilerriaren aztarnak… «Azken batean, Sukarrieta jatorri, historia eta arima barik utziko dute», diote. Proposamenagaz aurrera eginez gero, udalak alderdi politikoei eskatu die San Antonioren errealitatea eta bere historia kontuan hartzeko eta bertako bizilagunei jaramon egiteko.
Bestalde, Busturiko Udalari «kolaborazioa eta negoziazioa» eskatu dio; «Sukarrietako historia errespetatzea eskatzen diegu, bai eta Abiñako auzokideen nahia ere», azaldu du.