Giza katea, ibilaldia, herri argazkia… Atzerakontua hasi dute Busturialdeko herritarrek, eta apirilaren 2an egin behar duten herri galdeketarako giro aproposa sortzeko ekimen zein jarduerak burutzen ari dira han eta hemen. Muxikan, errepidera atera ziren domekan; Kurtzeroan batu eta giza katea egin zuten. Arratzuarrek, aldiz, Belendizetik hasi zuten ibilaldian parte hartu zuten.
Horiek izan ziren bi herri horietan asteburuan egin dituzten ekimen bi, baina gehiago ere izan dira. Eta eskualdeko herri gehiagotan ere izan da zer egin, erabakitzeko eskubidearen alde. Gautegiz Arteagarrek herri mailako argazkia ere atera zuten.
Sarean ere. Kalean presente dago Gure Esku Dago ekimena; apirilaren 2ko olatua ahalik eta handiena izatea gura du herri ekimenak, eta herritarrak uholdera batu. Horretarako, egiten denaren, ari denaren eta egingo denaren berri emateko euskarriak ere sortu dituzte eskualdean. Busturialdeko Hitzak, esaterako, gune berezia prestatu du bere webgunean: http://busturialdea.hitza.eus/gure-esku-dago/.Bertan, apirilaren 2ari begira, edo, erabakitzeko eskubidearen alde galdeketa egiteko lanean ari diren Busturialdeko ekimenak batu gura ditu tokiko komunikabideak. Sarean, eta denen eskura jarri gura du informazioa Busturialdeko Hitzak ere.
Bestalde, herri mugimendua IKT esparrutik lagundu asmoz, hack.in#badakigu informatika elkarte askeak ere webgunea sortu du, Bermeoko Gure Esku Dago-k eskatuta. Bertan, gainera, Bermeon bozkak kudeatzen lagundu gura duen intraneta sortu dute.
Ikusentzunezkoak ere prestatu dituzte hainbat herritan. Arratzuarrek ere, bideoa egin dute.
Bertso afaria Astran. Bestalde, asteburuari begira, bertso afaria egingo du Gure Esku Dago-k Gernika-Lumoko Astran. Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra eta Ander Elortegi ariko dira bertsotan. Txartelak Astran eta Auzokoa eta Lagun-Etxea tabernatan daude salgai 20 euroan (langabetuek 10 euro).
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.